Mundua -

Siriako gatazka

AEBetako Senatuak lehen baiezkoa eman dio Siriaren aurkako erasoari

Bozketa Atzeri Harremanetarako batzordean egin dute, baina, orain, Goi Ganberaren osoko bilkuran eta Ordezkarien Ganberan bozkatu behar dute.

AEBetako Senatuko Atzerri Batzordeak Siriako erasoa onartu du. EFE
AEBetako Senatuko Atzerri Batzordeak Siriako erasoa onartu du
AEBetako Senatuko Atzerri Batzordeak Siriako erasoa onartu du. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Senatuko Atzerri Harremanetarako Batzordeak onartu egin du Siriaren kontra erasoa egiteko ebazpena. Onartutakoaren arabera, ekintza militarra gehienez 60 egunekoa izan beharko da eta Estatu Batuetako Gobernuari 30 egun gehiago eskaini ahal izango dizkiote, Kongresuak kontrakoa onartzen ez badu.

Halaber, AEBetako tropek Siriako lurretan ''borroka operazioak'' egitea debekatzen du.

Neurriak aldeko 10 boto eta kontrako 7 boto jaso ditu. Alderdi errepublikanoko bost senatarik eta alderdi demokratako beste bik eman dituzte kontrako botoak. Abstentzio bat ere egon da.

Ebazpenak Senatuaren gehiengoaren onarpena behar du orain, eta litekeena da datorren astean egitea bozketa. Ondoren, ordezkarien ganberak ere bozkatu beharko du neurria.

Babesa lortzeko nazioartean presioa indartu du Obamak

Nazioarteko herrialdeetan ''sinesgarritasuna''oinarri hartuta, Barack Obama AEBetako presidenteak presioa indartu du nazioarte mailan, Sirian erasoa egiteko babes bila.

Halaber, Siriako erregimena arma kimikoak erabiliz egindako erasoaren erantzule dela berretsi du. Obama ''ziur'' da Bachar al Asad dagoela erasoaren atzean, eta AEBek hori egiaztatzeko frogak dituztela berretsi du.

Ildo horretan, AEBetako presidenteak esan du bildutako frogek aurrekoetan egindako akatsak berriz ez errepikatzea ahalbidetuko dutela, Irakeko gerrari aipamen eginaz.

"Ez ditut informazio kaxkarretan oinarritutako akatsak errepikatu nahi. Baina erabat ziur nago: Arma kimikoak erabili ziren'', gaineratu du.

AEBek ezin dute Siriaren kontrako gerrarik baimendu, Putinen hitzetan

Vladimir Putin Errusiako presidentearen ustez, baina, AEBetako Kongresuak ezin du Siriaren kontrako erasorik baimendu, NBEren baiezkoa ez duen ekintza militarra ''erasoa'' litzatekeelako.

''Munduko edozein herrialdeko Kongresuak ez du halakorik baimendu, eraso bat baimentzea litzakeelako. NBEren Segurtasun Kontseilutik at dagoen guztia erasoa da, norbere defentsa salbu'', adierazi du Putinek.

Al Asadek arma kimikoak erabili zituela frogatuko balitz Errusiak erasoa onartuko luke

Edonola ere, Putinek aurreratu du Al Asaden erregimenak arma kimikoak erabili zituela frogatuko balitz Errusiak erasoa onartuko lukeela. ''Ez dut baztertzen'', esan du, elkarrizketa batean.

Frantziako oposizioak bozketa eskatu du

Frantzian, bestalde, oposizioak aurreratu du ez duela Sirian NBEren babesik gabeko esku-hartze militarrik babestuko erabakia Frantziako Parlamentuan bozkatzen ez badute

Parisek ez du ekintzarik abiatuko koalizioa eratu arte

Bozketak bozketa, Frantziak ez du ekintzarik abiatuko nazioarte mailan koaliziorik sortu arte, Jean-Marc Ayrault lehen ministroak aurreratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zer ari da gertatzen Sirian?