Mundua -

Gatazka Sirian

Al-Asad: 'Siriari erasoz gero, kaosa eta estremismoa zabalduko dira'

Le Figaro egunkariaren atari digitalak aurreratutako elkarrizketan, gainera, matxinoen aurka arma kimikoak erabili izana ukatu du. Obama hainbat errepublikanoren babesa ari da lortzen Kongresuan.

Bachar al Asad
Bachar al Asad
Bachar al Asad

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baxar al-Asad Siriako presidenteak adierazi du 'kaosa eta estremismoa' zabalduko direla Ekialde Hurbilean, nazioarteak Siriari erasotzeko erabakia hartuz gero. Le Figaro egunkariaren atari digitalak aurreratu duen elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek Al-Asadek, eta matxinoen aurka arma kimikoak erabili izana ukatu du.

Siriako presidentearen aburuz, Ekialde Hurbila 'bolbora-upel bat da' eta 'sua gerturatzen ari da', eta 'gerra eskualde osora zabaltzeko arriskuaz' ohartarazi du. 'Ez da soilik Siriaren erantzunaz hitz egin behar, lehen eraso baten ondoren gertatuko litzatekeenaz ere hitz egin behar da. Inork ez daki zer gertatuko litzatekeen. Denek galduko dute egoeraren kontrola bolbora-upela lehertzen denean. Kaosa eta estremismoa zabaldu egingo dira', azpimarratu du elkarrizketan.

Barack Obamaren eta François Hollanderen aurka egin du Al-Asadek, eta arma kimikoak erabiliz egindako erasoaren 'froga bat' erakusteko eskatu die. 'Ez naiz esaten ari Siriako Armadak arma horiek dituen edo ez. Siriako Armadak arma horiek erabili nahiko balitu, Armada dagoen inguru batean erabiliko lituzke? NBEko ikuskatzaileek ikusi ahal izan duten moduan, soldaduak zauritu ziren leku batean erabiliko lituzke?', galdetu du.

Frantziaren kasuan, Siriako presidenteak adierazi duenez, Frantziako herria 'ez da Siriaren etsaia', baina 'Frantziako Gobernuaren politika Siriako herriaren aurkakoa da'. Frantziak eraso egiten badu, 'Frantziako interesek ondorio txarrak izango ditu', mehatxatu du, eta 'terroristei laguntzen dien edonor Siriako herriaren etsai da', gaineratu du.

Obama hainbat errepublikanoren babesa ari da lortzen Kongresuan

Orain arte bere jarrerarekin kritiko agertu izan diren bi senatari errepublikanorengandik gero eta gertuago dago Barack Obama AEBetako presidentea.

Izan ere, John McCain senatari errepublikano eta 2008ko presidenterako hautagaiak onartu egin du Sirian esku-hartze militarra egiteko AEBetako Kongresuan akordioa ez lortzea ''hondamendia'' litzatekeela.

Frantziaren txostena

Joan den abuztuaren 21ean arma kimikoak erabiliz izandako erasoen inguruan, Jean-Marc Ayraul Frantziako lehen ministroak zerbitzu sekretuen txosten bat aurkeztu du. Bertan jasotzen denez, abuztuaren 21ean Damaskon izan zen erasoa Baxar al-Asad presidentearen indarrek egin zuten. Txostenaren arabera, erasoak 'gutxienez' 281 hildako eragin zituen, gehienak zibilak.

Horren harian, Frantziako Gobernuak sei bideo labur plazaratu ditu, eta irudiok hainbat herritarrek abuztuaren 21ean, goizean, grabatutako irudiak direla ziurtatu du.

Siria berregiteko funtsa

Bestalde, Alemania eta Arabiar Emirerri Batuek Siria berreraikitzea bultzatzeko funtsa sortu dute gaur. Funtsak Baxar al-Asaden erregimenak boterea galdu duen eskualdeetara zuzenduko ditu baliabideak. Oraingoz, 20 milioi euro bildu ditu, eta Siriaren Lagunen Taldeko beste herrialde batzuek ere parte hartzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Gerra Siria Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Siria gaur Ekialde Hurbila gaur