Mundua -

Gatazka Sirian

Siriako erregimenak sarin gasa erabili zuela esan du Kerryk

Siriako presidenteak azaldu duenez, herrialdeak "terrorismoari aurre egiten" jarraituko du, AEBetako Gobernuak Sirian ekintza militarra egiteko mehatxuak egin arren.

John Kerry AEBetako Estatuko idazkaria. Argazkia: EFE
John Kerry
John Kerry AEBetako Estatuko idazkaria. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kerry AEBetako estatu idazkariak igande honetan egindako adierazpenen arabera, frogak dituzte abuztuaren 21ean Damasko kanpoaldean egindako eraso kimikoa Siriako erregimenak agindu zuela eta sarin gasa erabili zutela ziurtatzeko.

Eraso hartako biktimen ileen eta odolaren laginek  "positibo" eman dute, Kerryren esanetan. Beraz, AEBen arabera, argi dago 1.429 pertsona hil ziren erasoa sarin gasa erabiliz egin zutela.

Arabiar Ligak "disuasio-neurriak" eskatu ditu

Arabiar Ligak Siriako erregimenari herriaren kontra arma kimikoak erabiltzea leporatu dio igande honetan, eta NBEri eta nazioarteari erasoaren egileen aurkako "disuasio-neurriak" hartzeko erantzukizuna eskatu die.

'Terrorismoari aurre egiten' jarraituko duela esan du Baxar al-Asadek

Siriako presidenteak igande honetan bertako telebistan egindako adierazpenen arabera, herrialdeak "terrorismoari aurre egiten" jarraituko du, AEBek Sirian ekintza militarra gauzatzeko mehatxuak egin arren.

Al Asaden hitzetan, "AEBetako mehatxuek ez dute Siriak bere printzipioak galtzea ekarriko, ezta terrorismoaren kontrako borroka bertan behera uztea eragingo ere".

Siriako oposizioak ekintza militarra baimentzea eskatu dio Kongresuari

Siriako Koalizio Nazionalak, oposizioko aliantza nagusiak, AEBetako Kongresuari Sirian ekintza militarra baimentzea eskatu dio igande honetan, "erregimen kriminalaren hilketaren makineria" gelditzeko.

Siriako oposizioaren ustez, nazioarteak Siriako presidentearen erregimena zigortu behar du, horren antzera jokatzen dutenei "mezu argi bat helarazteko".

Kongresuak irailaren 9tik aurrera eztabaidatuko du ekintza militarra

AEBetako Kongresua irailaren 9tik aurrera hasiko da Barack Obama presidenteak eskatutako baimena eztabaidatzen, behe-ganberako buru errepublikanoek iragarri dutenez.

Sirian esku-hartze militarra egitea onartzeko lege proposamenaren zirriborroa Kongresura bidali du larunbat honetan Obamak. Horren ustez, erasoaren helburua arma kimikoen edo suntsipen handiko armen erabilera saihestea da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Siria Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?