Mundua -

Siriako gatazka

Obamak Kongresuaren baimena eskatuko du Siriari eraso egin baino lehen

AEBetako presidenteak Sirian ekintza militarra gauzatzeko erabakia iragarri du, Bachar Al Asaden erregimena Damasko inguruan izandako eraso kimikoaren erantzule izan zela frogatutzat eman ostean.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak larunbat honetan azaldu duenez, bere herrialdea edozein unetan Siria erasotzeko "prest" dago, baina edozein ekintza militar egin baino lehenago Kongresuaren baimena bilatuko duela nabarmendu du.

"Deliberazio arduratsu baten ostean AEBek Siriako erregimenaren helburu militarren kontrako akzio militarra gauzatu behar dutela erabaki dut", iragarri du Obamak, Etxe Zurian, Jose Biden presidenteordearekin batera egindako agerraldian.

"Erabakitzen dugunean erasotzeko prest gaude", azaldu du Obamak. Halaber, bere Gobernuak Bachar Al Assad Siriako presidentearen erregimena Damasko inguruan abuztuaren 21ean izandako eraso kimikoaren erantzule dela frogatutzat eman du. 1.500 pertsona hil ziren erasoan.

Kongresuak irailaren 9tik aurrera eztabaidatuko du ekintza militarra

AEBetako Kongresua irailaren 9tik aurrera hasiko da Barack Obama presidenteak eskatutako baimena eztabaidatzen, behe ganberako buru errepublikarrek iragarri dutenez.

Sirian esku-hartze militarra egitea onartzeko lege proposamenaren zirriborroa Kongresura bidali du larunbat honetan Obamak. Horren ustez, erasoaren helburua arma kimikoen edo suntsipen handiko armen erabilera saihestea da.

Frantziako oposizioak Parlamentuan bozketa egitea eskatu du

Frantziako oposizioak, UMP alderdia buru duela, Frantziak Siriaren kontrako eraso militarrean parte hartzeko Parlamentuari baimena eskatzea eskatu du.

Balizko eraso baten arriskuak neurtzeko eskatu dio François Fillon UMPko presidenteordeak Hollande presidenteari. "Frantziak ezin du gerrara joan Parlamentuaren babesik izan gabe", gaineratu du.

Cameronek Obamaren erabakia "ulertu eta babestu" du

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak larunbat honetan esan duenez, Barack Obama AEBetako presidentearen erabakia "ulertu eta babestu" du: Siriaren aurkako eraso militar bat egiteko Kongresuaren baimena eskatzea.

Cameronek operazio militar batean parte hartzeari uko egin zion ostegunean, Ganberan bozketa galdu ostean, honek Erresuma Batuak Bachar al Asaden Siriako erregimenaren kontrako erasoan parte hartzea errefusatuta.

Japoniako Gobernuak Obamari babesa erakutsi dio

Bashar Al Assaden erregimenak arma kimikoak erabili dituela egiaztatuz gero, Siriaren kontrako erasoa babestuko lukeela jakinarazi dute Japoniako Gobernuko iturriek.

Antza denez, Shinzo Abe lehen ministroak babesa erakutsiko dio Barack Obamari ohar bidez.

"Japoniak ez dauka AEBak ez babesteko aukerarik", adierazi dute Gobernuko iturriek, eta goi funtzionario batek ondorengoa esan du: "AEBekin aliatu behar dugu".

Siriako errebeldeek "eraso zuzenak" eskatu dituzte

Siriako Ejertzito Libreak (ELS) Bachar Al Assaden erregimenaren kontrako "eraso zuzenak" egiteko eskatu du.

"Esku-hartze militarra siriarren mesederako izango da. Siriako krisia konpontzea behar dugu", adierazi du Abdulbasit Saad al Dein koronelak.

"Erregimenaren helburuei eraso egin behar diete zibilak salbatzeko", USA Today egunkariari egindako adierazpenen arabera.

Siriak esan du ez dela beldurtuko

Wael al Halqi Siriako lehen ministroak azaldu duenez, siriarrak ez dira beldurtuko AEBetako borroka indarren aurrean, eta herrialdea eta horren aliatuak garaituko dituztela nabarmendu du Siriaren aurkako gerra hasten badute.

"Siria ez da beldurtuko AEBetako ehiza-hegazkin bonbaketariekin, ezta gerraontziekin ere", adierazi du Al Halqik. Gobernuburuak azpimarratu du herrialdeak "guztien izenean terrorismo global bat" borrokatzen duela.

Ban Ki Moonek "lehenbailehen" utzi nahi ditu ikuskatzaileen txostenak Segurtasun Kontseiluaren esku

Ban Ki Moon Nazio batuen Erakundeko buruak lehenbailehen utzi nahi ditu ikuskatzaileek Sirian egindako ikerketaren emaitzak, Segurtasun Kontseiluaren eta NBEko asanblearen esku, baina behin betiko txostena ezagutzeko, aste batzuk itxaron beharko dira.

Larunbat honetan prentsaurrekoa eskaini du NBEko Martin Nesirky bozeramaileak, eta Ban Ki Moonen asmoen berri eman du.

Bestalde, ikuskatzaileen izenean eskerrak eman nahi izan ditu, eta Damascon jasotako frogak eta laginak parekatu omen dituzte Europako laboratorioetara eraman aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Siria gaur Ekialde Hurbileko albisteak