Mundua -

Siriako gatazka

Erresuma Batuak ez du parte hartuko Sirian balizko esku-hartze batean

Izan ere, Parlamentu britainiarrak ez du onartu Cameronen plana. NBEko Segurtasun Kontseiluaren bilera, bestalde, emaitzarik gabe bukatu da, eta Al Asaden indarrek misilak  mugiarazi dituzte.

David Cameron. Argazkia: EFE
David Cameron. Argazkia: EFE
Cameronek esku hartze militarra babestu du Parlamentuan

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuak ez du pare hartuko Sirian balizko esku-hartze militar batean, Philip Hammond Defentsa ministroak baieztatu duenez. Izan ere, Parlamentu britainiarrak ez du onartu Sirian esku-hartze militar ''legal eta proportzionala'' egiteko David Cameron lehen ministroak aurkeztutako plana.

Ekimenak aldeko 285 boto eta kontrako 272 boto jaso ditu, eta Parlamentuaren ezezkoa aintzat hartzen duela eta ''emaiza hori oinarri hartuta'' jardungo duela aurreratu du Cameronek.

BBC telebista katean egiten dituen adierazpenetan, Hammondek esan du Estatu Batuek ''desengainu handia'' hartuko dutela, baina ministroak ez du uste erabaki horrek inongo ekintzarik geldiaraziko duenik.

Cameron: ''Balizko esku-hartze militarra ez litzateke inbasioa izango''

Cameronek defendatu duenez, Sirian balizko esku-hartze militarra egitea ez litzateke inbasioa izango eraso kimikoaren kontrako erantzuna baizik.

Oporraldia eten eta urgentziazko saioa egin dute, Erresuma Batuaren erantzuna bozkatzeko. Laboristek kontra bozkatuko zutela aurreratu dute, eta, beraz, beste osoko bilkura bat deitu beharko du asteburuan Cameronek Parlamentu osoaren babesa jaso ahal izateko.

Alderdi Laboristak eskatuta, Parlamentu britainiarrak ez du balizko esku-hartze militarraren inguruko erabakirik hartuko, NBEko ikuskatzaileen txostena izan arte. Txosten hori eskutan, bigarren bozketa egin beharko dute.

Eztabaidaren hasieran David Cameronek hitz egin du eta eraso kimikoa gizateriaren kontrako krimena dela eta gaur aurkeztutako mozioarekin ahalik eta adostasun zabalena lortu nahi dutela adierazi du.

Cameronen esanetan, ''pentsaezina'' da Siriaren kontrako eraso militarra egitea NBEko Segurtasun Kontseiluaren babesik gabe, baina bere bermerik gabe ere esku-hartze humanitarioa posible dela nabarmendu du.

Inteligentzia zerbitzuek uste dute oso litekeena dela eraso kimikoaren atzean Bachar Al Assaden erregimena egotea. Siriako Gobernuaren erantzukizuna ez du zalantzan jartzen David Cameron lehen ministroak, hori inoiz "ehuneko ehunean" frogatzea ezinezkoa bada ere.

Laboristak kontra

Cameronen Gobernuak aurkeztutako mozioaren kontra bozkatuko zutela iragarri zuen oposizioko talde nagusia den Alderdi Laboristak, baina laboristek ez dute baztertzen etorkizunean esku-hartze militarra babestea eta Siriaren kontrako froga berriak eskatu dituzte. Ed Miliband buruzagi laboristak NBEko ikuskatzaileei denbora gehiago emateko eta "froga sinesgarriak" biltzeko eskatu du.

Cameronek Parlamentuan aurkeztutako mozioaren harira, zalantzak sortu zaizkiela adierazi du laboristen bozeramaile batek.

AEBek ''justifikazio legal propioa'' landuko dutela iragarri dute

Gobernu estatubatuarrak Siriari buruzko txostena prestatzen ari da, eta arma kimikoaren erabileraren gaineko datuak emango ditu. Gainera, litekeena da txosten hori ostegun honetan argitaratzea.

Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramailearen hitzetan, AEBetako Gobernuak ''bere justifikazioa propioa'' plazaratuko du Sirian Balizko esku-hartze militarra egiteko, eta Obama presidenteak oraindik erabakirik hartu ez duela berretsi du

Emaitzarik gabe NBEren bilera

NBEko Segurtasun Kontseiluko Batzorde Iraunkorra osatzen duten herrialdeek (AEB, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia) bilera egin dute ostegun arratsaldean Siriako gatazkaz hitz egiteko, eta emaitzarik gabe bukatu da bilera hori.

Atzo, asteazkena, bilera egin zuten Erresuma Batuaren proposamena aztertzeko, baina adostasunik gabeko amaitu zen atzoko hura ere bilera.

Errusiak eskatu du gaurko bilera, Diplomaziako bozeramaile baten arabera. Errusia eta Txina Siria gaitzesteko ebazpenen kontra agertu dira orain arte.

Al Asaden indarrek misilak eta kohete-jaurtitzaileak mugiarazi dituzte

Balizko eraso bati aurre egiteko hainbat misil eta kohete-jaurtitzaile mugiarazi dituzte Al Asaden indarrek Damasco iparraldean, oposozioko hainbat iturrik jakitera eman dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak bideoak Erresuma Batua argazkiak NBE albisteak David Cameron bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak