Mundua -
Siriako gatazka
NBEk larunbatean emango ditu eraso kimikoaren inguruko datuak
Siriako oposizioak nazioarteko indarren eraso militarra eskatu du, baina Obamak esan du oraindik ez duela erabakirik hartu. Londresek, bestalde, NBEren ebazpenari itxarongo diola iragarri du.
Erredakzioa
Sirian ustez izan zen eraso kimikoa ikertzen ari den Nazio Batuen Erakundeko adituek larunbatean emango dituzte bertan jaso dituzten frogen inguruko datuak, Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak iragarri duenez.
Banek Vienan egindako agerraldi batean azaldu duenez, Barack Obama AEBetako presidentearekin hitz egin du Siriako krisiaren inguruan, eta diplomaziari eta ikerlarien lanari denbora emateko eskatu du berriro ere.
"Ikerlariek ostirala arte egingo dute lan, eta larunbatean Siriatik irtengo dira. Siriatik atera bezain laster informazio guztia emango didate", adierazi du diplomazialari hegokorearrak Vienan jaso duen omenaldi batean.
NBEren buruak "diplomaziari aukera bat" eman behar zaiola berretsi du, eta elkarrizketarako bideak irekita mantentzearen alde agertu da.
Oposizioak eraso militarra eskatu du
Ahmad Yarba Siriako Koalizio Nazionaleko buruak, oposizioko alderdi nagusiaren ordezkariak, Siriako Gobernua "zigortzeko" eta Bachar Al Asad kargugabetzeko babes politiko eta militarra eskatu dizkio nazioarteari.
"Al Asaden Gobernuak Errusiaren, Hezbollahren eta Iranen babes osoa du. Guri denetik falta zaigu. Gure aliatuek ez digute eskatu diegun ezer ere eman. Benetako babesa behar dugu", adierazi du Tarbak Le Parisien egunkariari, François Hollande Frantziako presidentearekin elkartu aurretik, eskainitako elkarrizketa batean.
Yarbaren esanetan, Al Asad "mikrobio bat" da, "infekzio bat eskualdearentzat", eta "ezin ditu merezi dituen isunak saihestu".
"Gizon horrek eta bere familiak Hagako epaitegira joan behar dute, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitu behar ditu", aldarrikatu du Siriako oposizioko buruak.
"Ez dugu Al Asad kendu nahi Al Kaida ekartzeko. Muturreko islamista horiek Gobernuak manipulatu ditu. Gatazka hasi zenean ez zegoen jihadistarik. Erregimena erortzen denean, gehienak desagertu egingo dira", gaineratu du.
Yabrak gogorarazi du Frantziak "paper garrantzitsua" jokatu zuela "Gadafi Libiako Gobernutik kentzeko" eta baita "Maliko muturreko islamistei aurre egiteko".
"Siriako erregimena Gadafirena baino okerragoa da. Berak inportatu zituen Frantziak Malin zituen etsaiak. Eskuhartze militarra egiten badute, erregimenak ez du asko iraungo. Garrantzitsuena erabaki ausarta hartzea izango da", adierazi du oposizioko koalizioko buruak.
Obamak oraindik ez du erabakirik hartu
Sirian eraso militarra egiteko aukeraren inguruan oraindik erabakirik hartu ez duela esan du asteazken honetan Barack Obama AEBetako presidenteak. Hala ere, argi utzi du Bachar al Asaden erregimenari leporatzen diola arma kimikoak erabiliz zibilen kontra egindako erasoa, eta, hori dela-eta, kontuak eman beharko dituela.
''Ez dut erabakirik hartu. Gure indar armatuek hainbat aukera jarri dizkidate mahai gainean, eta eztabaida luzeak izan ditut segurtasun nazionalaz arduratzen den lantaldearekin'', esan du Obamak PBS telebista kate publikoan egin duen elkarrizketan.
Presidenteak azaldu duenez, ez du "Sirian amaiera irekia izango duen gatazka bat" edo "Iraken errepikapen bat" nahi. Hori horrela, eraso egitea erabakitzen badu, erasoa "mugatua" izango dela eta helburua Al Asadi arma kimikoak ezin direla erabili gogoratzea izango dela azpimarratu du.
"Horrek mesede egin diezaioke gure segurtasun nazionalari epe luzean, eta mesedegarria izan daiteke, era berean, arma kimikoen erabilera oztopatuko duelako aurrerantzean", adierazi du Obamak.
AEBetako presidenteak gaineratu du kezkatuta dagoela arma kimikoak "erakunde terroristen" esku gera daitezkeelako, eta arma horiek "gure kontra erabiltzeko" arriskua dagoelako. Iritzi publikoaren aurrean balizko erasoa justifikatzeko argudioak aurkeztu ditu horrela.
AEBetako armada, "erasorako prest"
Balizko erasoaren harian, AEBetako armada "erasorako prest" dagoela berretsi du Chuck Hagel Defentsako idazkariak.
"Soldaduak Siriako inguruetara eraman ditugu presidenteak hartzen duen erabakiari erantzuteko prest egoteko", esan du Hagelek BBCn egindako elkarrizketa batean.
AEBek ez dute eraso kimikoa Al Assaden erregimenak egin zuela erakusteko froga argirik
AEBetako inteligentzia zerbitzuek ez dute abuztuaren 21ean Damascon izandako eraso kimikoa Bachar Al Assaden erregimenarekin lotzen duen froga argirik, The New York Times egunkariak argitaratu duenez.
Horren arabera, Damasco kanpoaldean "sarraski" bat izan zela "ukaezina da", eta erasoaren lekukoek eta Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kideek berretsi egin dute hori. Halaber, AEBetako Gobernuak eraso kimikoa Al Assaden erregimenak egin zuela erakusten duten frogak dituela adierazi du, eta ostegun honetan argitaratuko ditu froga horiek. Hala ere, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez, ez dira "froga sendoak" izango.
Txinak ohartarazi du erasoak egoera okertuko duela
Bestalde, Txinako Gobernuak lasaitasunerako deia egin du, eta, AEBek eta bere aliatuek Siriari eraso egiten badiote, Ekialde Hurbileko "ezegonkortasuna" areagotuko dutela ohartarazi du.
Wang Yi Atzerri Gaietarako ministroak prentsa-agiri batean azaldu duenez, "irtenbide politikoa izan da, hasiera hasieratik, Siriako gatazkari aterabidea emateko aukera bakarra".
"Atzerritarren eraso militarra NBEren gutunaren printzipioen eta nazioarteko harremanen funtsezko arauen aurka joango litzateke", azpimarratu du.
Londresek NBEren ebazpenari itxarongo dio
Parlamentu britainiarrak, bestalde, ez du Sirian balizko esku-hartze militar baten inguruko erabakirik hartuko NBEren ikuskatzaileen txostena izan arte, Erresuma Batuko Gobernuak ostegun honetan erabaki duenez.
David Cameron lehen ministroak biharko bozketaren inguruko iritzia aldatu behar izan du azken orduan, oposizioa Nazio Batuen ebazpenik gabe eraso egitearen kontra agertu baita.
Oporraldia eten eta urgentziazko saio batean, Errseuma Batuaren erantzuna bozkatzeko bilduko da ostegun honetan Parlamentu britainiarra.
Edonola ere, Erresuma Batuaren esku-hartzea zuzenean onartzeko bigarren bozketa bat egin beharko dute, behin NBEren txostena jakinda.
Bestalde, 1.000 lagun inguruk protesta ekitaldia egin dute asteazken honetan Cameron egoitzaren aurrean, Sirian egitekoak diren balizko eraso militarraren aurka. YouGov etxeak egindako inkesta baten arabera, britainiarren % 74k baztertu egiten dute Sirian eraso militarra egitea.
Edozein erasoren aurrean defendatu egingo dela esan du Al Assadek
Bachar Al Assad Siriako presidenteak ostegun honetan jakinarazi duenez, edozein erasoren aurrean defendatu egingo da Siria, eta bere herrialdea Israelek eta atzerriko herrialdeek babesten duten terrorismoaz askatzeko prest dagoela gaineratu du.
Al Ajbar Libanoko egunkariak osteguneko alean dakarrenez, balizko interbentzio militar baten aurrean Siria "garaile" irtengo dela iritzi dio Al Assadek.
“Krisiaren hasieratik interbentzioaren zain gaude” nabarmendu du Al Assadek, eta kolaboratzaileak animatu ditu
NBEko ikuskatzaileak hotelera itzuli dira balizko erasoaren hainbat gune bisitatu ondoren
Sirian arma kimikoen erabilera ikertzen ari den NBEko aditu taldea Damasko erdiguneko hotelera itzuli da, asteazken honetan balizko erasoa izandako hainbat gune bisitatu ondoren.
Atzo bertan behera utzi zuten gune horietara egin beharreko bisita segurtasun arrazoiak tarteko. Astelehenean eraso egin zieten NBEko ikuskatzaileak zihoazen konboiari, baina inor ez zen zauritu.
Akordiorik gabe amaitu da NBEko Segurtasun Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren bilera
NBEko Segurtasun Kontseiluko Batzorde Iraunkorra osatzen duten AEB, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia herrialdeek bilera egin dute gaur Erresuma Batuaren proposamena aztertzeko, baina adostasunik gabe amaitu da bilera.
Zibilak eraso kimikoetatik babesteko, beharrezkoak diren neurriak hartzea proposatu du Cameronen Gobernuak. Halaber, arma kimikoen erabilera gaitzetsi du eta NBEri erantzukizuna hartzea eskatu dio.
Errusia bestalde, Siriaren kontrako balizko erasoaren aurka agertu da azken egunotan.
Eraso militarra egiteko beharrezkoa da NBEko Segurtasun Kontseiluaren baimena
Lajdar Brahimi Siriako nazioarteko bitartekariak gogorarazi duenez, herrialdean eraso militarra egiteko beharrezkoa da NBEko Segurtasun Kontseiluaren baimena jasotzea. "Nazioarteko zuzenbidea argia da honen inguruan, eta ekintza militarrak Segurtasun Kontseiluaren erabakiaren ondoren iritsiko direla esaten du", adierazi du Brahimik prentsaurreko batean.
Ban Ki-moon, eraso militarraren aurka
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Siriako gatazka bide diplomatikotik konpontzeko deia egin du, eta eraso militarraren aukera gaitzetsi du. Era berean, adituek ustezko eraso kimikoaren inguruko ikerketa amaitu arte itxaroteko eskatu du. Azaldu duenez, adituek lau egun beharko dituzte ikerketa amaitzeko.
"Eman diezaiogun aukera bat bakeari, eman diezaiogun aukera bat diplomaziari", adierazi du Banek Hagan.
Agintari hegokorearrak salatu du bide militarra ez dela irtenbidea, eta honakoa gaineratu du: "Logika militarrak erabateko suntsipenaren atarian utzi du herrialdea, negoziaziorako bide guztiak aztertu behar ditugu".
"Zertarako bizitu behar dugu sua?", galdetu du Banek diplomaziarako deia egite aldera.
Bestalde, NBEren idazkari nagusiak azaldu duenez, adituek "denbora behar dute" ustezko eraso kimikoa ikertzeko. Hala ere, "arma kimikoen erabilera" gaitzetsi du, izan ere, "nazioarteko legediaren urraketa ankerra da hori".
NATOk Siriako erregimenari egotzio dio eraso kimiko
Kontseilu Atlantikoan, NATOko enbaxadoreek gaia aztertu egin dute, hileroko batzarrean. NATOren iritziz, Bachar Al Asad Siriako agintariarena da eraso kimikoaren erantzukizuna. Gertaera "onartezina" dela gaineratu du. "Ezin da erantzunik gabe utzi", gaineratu du.
Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak Siriako auzia "hurbiletik" jarraituko dutela jakinarazi du, "eraso kimikoak nazioartearen bakea eta segurtasuna arriskuan jartzen dutelako"
Siria "inbaditzaileen hilerri" bihurtuko dela ohartarazi du Al Assaden Gobernuak
Iragan asteko eraso kimikoa errebeldeek egin zutela erakusten duten frogak aurkeztu dizkiotela jakinarazi du Al Asad-en Gobernuak, eta Siria "inbaditzaileen hilerri" bihurtuko dela ohartarazi du Wael al Halqi Siriako lehen ministroak. AEBei eta haren aliatuei eraso militarra justifikatzeko "argumentu faltsuak" erabiltzea egotzi die lehen ministroak.
"Hala ere, herrialdea ez da inbaditzaileen mehatxuekin beldurtuko, eta munduko inongo indarrek ezingo dute garaitu", nabarmendu du.
Siria krisitik indarberrituta aterako dela iritzi dio Al Halqiik, eta Mendebaldearen "gezurrei" Siriako herriaren erresistentziarekin, batasunarekin eta armadari emandako babesarekin erantzungo diela gaineratu du.
Bestalde, eraso militarra justifikatzeko gezurrak erabiltzea egotzi die AEBei, Israeli eta Mendebaldeko herrialdeei. Horren esanetan, Siriaren kontrako gerra hauspotzen ari diren herrialdeak Iraken, Libanon eta beste nazio batzuetan sarraskiak eragin zituzten berberak dira.
Siriako Armada eraikin ofizialak jendez husten hasi da
Armadaren kuartelak eta Damasco erdiguneko segurtasun zerbitzuen egoitzak jendez husten hasi da Siriako armada, lekukoek jakinarazi dutenez.
Bestalde, Estatu Nagusiko eraikinetik, Aire armadako egoitzatik eta segurtasun zerbitzuko eraikin batzuetatik ere zenbait gauza ateratzen hasi dira.
Israelgo armadak erreserbako soldaduak deituko ditu
Israelgo armadak erreserbako soldaduak deitzea eta Israel iparraldeko aire bidezko defentsak indartzea erabaki du asteazken honetan, Sirian gertatu litekeenaren aurrean.
Siriaren balizko erantzun baterako prestatzen ari da Israel, Siriako Defentsa ministroak jakinarazi duenez.
Herritarrak bestalde, gas erasoen aurkako maskara bereziak erosten ari dira, nahiz eta bertako armadako iturriek ez duten baieztatu.
Errusiak ohartarazi du erasoak okertu egingo lukeela egoera
Serguei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietarako ministroak Lajdar Brahimi NBEren Siriako bidali bereziarekin hitz egin du, eta Siriako gatazkari erantzun armatua emateak herrialdea bera eta eskualde osoa ezegonkortuko lukeela ohartarazi dio.
"Lavrovek azpimarratu zuen Sirian ez dagoela beste aukerarik, eta irtenbide politiko-diplomatikoa bilatu behar dela, indarkeriak herrialdeko eta eskualdeko ezegonkortasuna areagotuko duelako", idatzi du Errusiako Gobernuak prentsa-agiri batean.
Atzo gauean telefonoz izandako elkarrizketa batean, Errusiako diplomaziaren buruak eta NBEren bidali bereziak bat egin omen zuten "egoera kritikoa" dela esatean, eta "atzerriko eragileek ardura handiaz jokatu behar dute eta iraganeko akatsak ez errepikatu".
Errusiako Gobernuak azpimarratu duenez, azken egunotan Siriaren egoera okertu bada "herrialde jakin batzuek egindako adierazpenen eta emandako pausoen ondorio" da, AEBek eta beste herrialde batzuek Bashar al Assadi eraso egiteko agertu duten asmoari erreferentzia eginez.
Errusiak ohartarazi du "ondorio latzak" izango direla NBEren babesik gabe Siriari eraso egiten badiote.