Mundua -

Siriako gatazka

AEB: 'Ukaezina da Siriako erregimenak arma kimikoak erabili dituela'

Erantzun egokia aztertzen ari dira, baina Nazio Batuen ikerketei itxarongo dietela ziurtatu dute. Arma kimikoekin erasoa egon zela agerian uzten duten froga osagarriak dituztela iragarri du Kerryk

Bachar al Asad Siriako presidentea. Irudia: EiTB
Bachar al Asad Siriako presidentea. Irudia: EiTB
Sirian arma kimikoak erabili zirela ziurtatu dute AEBek

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan bildutako informazioa oinarri hartuta, Sirian arma kimikoak erabili izan direla ''erreala'' eta ''ukaezina'' da, John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan. AEBentzat eraso hori ''krimen oso serioa'' dela eta erantzun egokia aztertzen ari direla aurreratu du Kerryk.

''Ulertezina da Al Asaden erregimenak zer ezkutatu ez bazuen Nazio Batuen adituen lana oztopatu izana'', gaineratu du.

Edonola ere, Washingtonek Nazio Batuen ikerketei itxarongo diela esan du Estatu idazkariak, eta Obamak froga guztiak mahai gainean dituenean ''informazioan oinarritutako erabakia'' hartuko duela aurreratu du.

Froga osagarriak

Halaber, arma kimikoak erabiliz erasoa egon zela agerian uzten duten froga osagarriak dituztela gaineratu du Kerryk, eta hori Obamarentzat ''lerro gorria'' dela gogoratu du. Froga horien inguruan, Kerryk aurreratu du behin aztertuta plazaratuko dituztela.

Erantzun egokia

Herrialde aliatu ezberdinetako Atzerri ministroekin hitz egin ondoren egoeraren aurrean erantzun egokia aztertzen ari direla esan du AEBetako Estatu idazkariak. Hala, erasoa egon zela eta eraso horren arduraduna Siriako erregimena izan zela frogatutzat jo arren, Obamaren Administrazioak ez du erantzun horren xehetasunen eta dataren berririk eman.

''Presidenteak iragarriko du erabakia'', azpimarratu du Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak.

Nazio Batuek laginak hartu dituzte

Gatazka gelditzeko eta ustezko eraso kimikoa argitzeko ikerketan lagunduko duela baieztatu du Siriako Gobernuak, Nazio Batuen Erakundearen bozeramaile batek adierazi duenez. Halaber, ustezko eraso kimikoa ikertzeko prozesua gaur, astelehena, abiatu dute Sirian.

NBEko adituen taldea Moadameya herrira iritsi da, Damasko inguruan, asteazkenean gertatutako ustezko eraso kimikoa aztertzeko.

Adituekin batera, Wasim al Ahmed prentsa arduraduna izan da eta, horren esanetan, NBEko ikerlariek bonbardatutako zenbait leku bisitatu dituzte.

Ikertzaileekin batera bertan izan diren aktibistek azaldu dutenez, misilek jotako hainbat toki eta eraikuntzatan laginak jaso eta aztertu dituzte. Halaber, erasoak zauritutako hainbat lagunekin hitz egin dute ospitalean, eta odol eta ile laginak hartu dizkiete.

Aktibistetako baten arabera, hiru orduko bisita izan da, baina ezin izan dira kaltetutako toki guztietan egon, beren ibilgailuak jasandako erasoaren ondorioz atzerapenez ekin diotelako bisitari.

Ikuskatzaileak tirokatu dituzte

Izan ere, Nazio Batuen Erakundeak Damaskora (Siria) bidali dituen arma kimikoen ikuskatzaileen kontra "behin eta berriz tiro" egin dutela salatu du NBEren bozeramaile batek.

"Arma kimikoen erabilera ikertzeko taldearen lehenengo ibilgailuaren kontra behin baino gehiagotan egin dute tiro frankotiratzaile ezezagun batzuek", adierazi du NBEk prentsa-agiri batean.

NBEren esanetan, tiroen ondorioz, ibilgailua matxuratu egin da, baina "Gobernuak ezarritako kontrolgunera" itzuli ahal dira, onik.

Erasoa gertatu den unean, NBEk bidalitako ikerlari taldea Damasko kanpoaldean zegoen, Siriako Gobernuak arma kimikoekin erasoa egin ote zuen aztertzen.

Erasoak eraso, NBEk azpimarratu du ikerlari taldea ustez erasoa gertatu zen lekura itzuliko dela "ibilgailua ordezkatzen dutenean".

Eraso horren aurrean, Siriako Gobernuak salatu du "talde terrorista armatuak" izan direla horren egileak. Siriako telebista publikoak Gobernuko iturriak aipatuta zabaldu duenez, talde terrorista horiek dira NBEko ikerlarien "segurtasunaren, bizitzaren eta itzulera baketsuaren erantzuleak". Oposizioak, bestalde,  erregimenari egotzi dio erasoa.

Erasoaren aurrean, Ban Ki-moon NBEko idazkari orokorrak ''kexa sendoa'' aurkeztuko die Siriako erregimenari eta oposizioari.

Hamar herrialdetako buruzagi militarren bilera

Hamar herrialdetako buruzagi militarrek bilera egingo dute gaur Jordanian, Sirian ustez izan den eraso kimikoaren aurrean hartu beharreko neurriak adosteko.

Bilera ateak itxita egingo da, eta ez dute esan non izango den. Bilera Martin Dempsey AEBetako Aginte Goreneko buruak eta Jordaniakoak zuzenduko dute, Jordaniako Gobernuko iturriek azaldu dutenez.

Bi herrialde horiez gain, Britainia Handiak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Kanadak, Turkiak, Saudi Arabiak eta Katarrek parte hartuko dute bileran.

Errusia kezkatuta agertu da AEBen aurrean

Errusiak "kezka handia" agertu die AEBei, Armadak Sirian esku hartzeko agertu duen jarrera dela eta, Errusiako Gobernuak jakitera eman duenez.

Horixe adierazi omen dio Segei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietarako ministroak John Kerry AEBetako Estatu idazkariari, lehenengoak egindako telefono dei baten bitartez.

Lavrov "ministroak azpimarratu du Washingtonek Siriako gatazkan esku-hartze militarra egiteko erakutsi duen jarrera kezka handiarekin jaso duela", adierazi du Errusiako Gobernuak prentsa-agiri batean.

Iranen mehatxua

AEBek 'marra gorria' zeharkatzen badute eta Sirian militarrak sartzen baditu 'ondorio larriak' izango dituztela ohartarazi die Masud Jazayeri Irango Indar Armatuen buruordeak AEBei.

"Ameriketako Estatu Batuek badakite zein den Siriako marra gorria eta, zeharkatzen badute, ondorio larriak pairatuko lituzke Etxe Zuriak", nabarmendu du Jazayerik, Fars Irango agentziak zabaldu duenez.

Militarraren mehatxua Barack Obama AEBetako presidenteak eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak "aukera guztiak" aztertuko dituztela adierazi ondoren heldu da.

Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkariak ziurtatu egin zuen bere Gobernua prest dagoela Obamak agintzen duen "edozein aukera" militar burutzeko.

Mohamed Javad Zarif Irango Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi duenez, bere Gobernuak "harreman estua" dauka Siriarekin, eta, azken egunotan izandako zenbait elkarrizketatan, Asadek ziurtatu dio Irani "inoiz ez" duela arma kimikorik erabili eta NBErekin "kooperatuko" duela, gertatutakoa argitzeko.

 

 

 

 

 

 

 

¿
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Siria albisteak gaur Ekialde Hurbila gaur