Mundua -

Siriako gatazka

Nazio Batuek laginak hartu dituzte erregimenak erasotutako lekuetan

Siriako Gobernuak asteazkeneko erasoan arma kimikoak erabili zituen ala ez konfirmatu nahi dute ikuskariek. Eraso kimiko egon zela ''ukaezina'' da, AEBen hitzetan.

Bachar al Asad Siriako presidentea. Irudia: EiTB
Bachar al Asad Siriako presidentea. Irudia: EiTB
NBEko Idazkari nagusiak gogor egin die alde biei

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gatazka gelditzeko eta ustezko eraso kimikoa argitzeko ikerketan lagunduko duela baieztatu du Siriako Gobernuak, Nazio Batuen Erakundearen bozeramaile batek adierazi duenez. Halaber, ustezko eraso kimikoa ikertzeko prozesua gaur, astelehena, abiatu dute Sirian.

NBEko adituen taldea Moadameya herrira iritsi da, Damasko inguruan, asteazkenean gertatutako ustezko eraso kimikoa aztertzeko.

Adituekin batera, Wasim al Ahmed prentsa arduraduna izan da eta, horren esanetan, NBEko ikerlariek bonbardatutako zenbait leku bisitatu dituzte.

Ikertzaileekin batera bertan izan diren aktibistek azaldu dutenez, misilek jotako hainbat toki eta eraikuntzatan laginak jaso eta aztertu dituzte. Halaber, erasoak zauritutako hainbat lagunekin hitz egin dute ospitalean, eta odol eta ile laginak hartu dizkiete.

Aktibistetako baten arabera, hiru orduko bisita izan da, baina ezin izan dira kaltetutako toki guztietan egon, beren ibilgailuak jasandako erasoaren ondorioz atzerapenez ekin diotelako bisitari.

Ikuskatzaileak tirokatu dituzte

Izan ere, Nazio Batuen Erakundeak Damaskora (Siria) bidali dituen arma kimikoen ikuskatzaileen kontra "behin eta berriz tiro" egin dutela salatu du NBEren bozeramaile batek.

"Arma kimikoen erabilera ikertzeko taldearen lehenengo ibilgailuaren kontra behin baino gehiagotan egin dute tiro frankotiratzaile ezezagun batzuek", adierazi du NBEk prentsa-agiri batean.

NBEren esanetan, tiroen ondorioz, ibilgailua matxuratu egin da, baina "Gobernuak ezarritako kontrolgunera" itzuli ahal dira, onik.

Erasoa gertatu den unean, NBEk bidalitako ikerlari taldea Damasko kanpoaldean zegoen, Siriako Gobernuak arma kimikoekin erasoa egin ote zuen aztertzen.

Erasoak eraso, NBEk azpimarratu du ikerlari taldea ustez erasoa gertatu zen lekura itzuliko dela "ibilgailua ordezkatzen dutenean".

Eraso horren aurrean, Siriako Gobernuak salatu du "talde terrorista armatuak" izan direla horren egileak. Siriako telebista publikoak Gobernuko iturriak aipatuta zabaldu duenez, talde terrorista horiek dira NBEko ikerlarien "segurtasunaren, bizitzaren eta itzulera baketsuaren erantzuleak". Oposizioak, bestalde, erregimenari egotzi dio erasoa.

Erasoaren aurrean, Ban Ki-moon NBEko idazkari orokorrak ''kexa sendoa'' aurkeztuko die Siriako erregimenari eta oposizioari.

Eraso kimikoa ''ukaezina'' da, AEBen hitzetan

Azken egunotan bildutako informazioa oinarri hartuta, Sirian arma kimikoak erabili izan direla ''erreala'' eta ukaezina'' da, John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan. Kerryk zalantzan jarri du Bashar al Assaden erregimenaren ''sinesgarritasuna'', frogak suntsitzeagatik eta ikerketa atzeratzeagatik.

Estatu idazkariak baieztatu duenez, Siriako egoera ''aztertzen'' jarraitzen du AEBetako Gobernuak, eta mota honetako ekintzak ''erantzunik gabe'' gera ezin daitezkeela aurreratu du.

Washingtonek Nazio Batuen ikerketei itxarongo diela esan du Kerryk, eta Obamak froga guztiak mahai gainean dituenean ''informazioan oinarritutako erabakia'' hartuko duela aurreratu du. Hala ere, AEBek arma kimikoak erabiliz erasoa egon zela agerian uzten duten froga osagarriak dituztela gaineratu du Kerryk.

Hamar herrialdetako buruzagi militarren bilera

Hamar herrialdetako buruzagi militarrek bilera egingo dute gaur Jordanian, Sirian ustez izan den eraso kimikoaren aurrean hartu beharreko neurriak adosteko.

Bilera ateak itxita egingo da, eta ez dute esan non izango den. Bilera Martin Dempsey AEBetako Aginte Goreneko buruak eta Jordaniakoak zuzenduko dute, Jordaniako Gobernuko iturriek azaldu dutenez.

Bi herrialde horiez gain, Britainia Handiak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Kanadak, Turkiak, Saudi Arabiak eta Katarrek parte hartuko dute bileran.

Al Asadek ukatu egin du arma kimikoen erabilera

Bachar al Asad Siriako presidenteak "iraingarri"tzat jo du bere Gobernuari arma kimikoen erabilera leporatzea oposizio armatuaren kontrako borrokan.

"Ez du zentzurik: lehenengo akusazioa egiten dute, eta gero frogak bilatzen hasten dira", adierazi du Al Asadek Izvestia egunkari errusiarrean egin dioten elkarrizketa batean.

Siriako presidenteak azaldu duenez, AEBek Siriari eraso egiten badiote "porrot egingo dute, Vietnamgo gerraren garaitik gaur arte piztu dituzten gerra guztietan bezalaxe".

"AEBek gerra askotan parte hartu dute, baina behin ere ez dituzte gerran hasteko jarri zituzten helburu politikoetako bat bera ere bete", adierazi du Al Asadek NBEri arma kimikoen ustezko erabileraren inguruko ikerketa egiteko baimena eman aurretik.

Errusia kezkatuta agertu da AEBen aurrean

Errusiak "kezka handia" agertu die AEBei, Armadak Sirian esku hartzeko agertu duen jarrera dela eta, Errusiako Gobernuak jakitera eman duenez.

Horixe adierazi omen dio Segei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietarako ministroak John Kerry AEBetako Estatu idazkariari, lehenengoak egindako telefono dei baten bitartez.

Lavrov "ministroak azpimarratu du Washingtonek Siriako gatazkan esku-hartze militarra egiteko erakutsi duen jarrera kezka handiarekin jaso duela", adierazi du Errusiako Gobernuak prentsa-agiri batean.

Iranen mehatxua

AEBek 'marra gorria' zeharkatzen badute eta Sirian militarrak sartzen baditu, 'ondorio larriak' izango dituztela ohartarazi die Masud Jazayeri Irango Indar Armatuen buruordeak AEBei.

"Ameriketako Estatu Batuek badakite zein den Siriako marra gorria, eta, zeharkatzen badute, ondorio larriak pairatuko lituzke Etxe Zuriak", nabarmendu du Jazayerik, Fars Irango agentziak zabaldu duenez.

Militarraren mehatxua Barack Obama AEBetako presidenteak eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak "aukera guztiak" aztertuko dituztela adierazi ondoren heldu da.

Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkariak ziurtatu egin zuen bere Gobernua prest dagoela Obamak agintzen duen "edozein aukera" militar burutzeko.

Mohamed Javad Zarif Irango Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi duenez, bere Gobernuak "harreman estua" dauka Siriarekin; eta azken egunotan izandako zenbait elkarrizketatan, Asadek ziurtatu dio Irani inoiz ez duela arma kimikorik erabili eta NBErekin "kooperatuko" duela, gertatutakoa argitzeko.

Siriak ere abisua eman du

"Siriari eraso egitea ez da inorentzako picnic bat izango, eraso horrek ondorio larriak ekarriko lituzkeelako; Ekialde Hurbila sutan jarriko lukeen su-bola izango litzateke", ohartarazi die Siriako Gobernuak AEBei.

Siriako telebista-kate nazionalak Omran al Zubi Informazio ministroari eskainitako elkarrizketa zabaldu du. al Zubiren ustez, "AEBek egindako presioak denbora galtzea dakar, Siriak terrorismoaren aurkako borrokarekin azkeneraino jarraituko duelako".

Eraso kimikoaren zantzuak

Bestalde, Mugarik gabeko Medikuak (MSF) Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) jakinarazi duenez, Damaskon ustez eraso kimikoa izan eta hiru ordura, 3.600 pertsonatik gora artatu zituen (kolaboratzaile diren hiru ospitaletan), agente neurotoxiko baten sintomak zituztela, eta horietatik 355 hil ziren, erakundeak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Hiru ospital horietako mediku taldeak MSFri esan dionaren arabera, ustezko erasoa izan ostean, "eri asko heldu ziren ospitaletara hainbat sintomekin, listu gehiegi, arnasteko arazoak, ikusmen lausoa, begi nini uzkurtua eta dardarak", Bart Janssens MSFen operazioen zuzendariaren esanetan..

siria_erasoak_eitbcom_bideoa

Gaixoei atropina eman diete, ondorio horiek arintzeko droga, alegia. MSF substantzia horren hornitzailea da. "Ospitalei 7.000 anpulu atropina ematen saiatzen ari gara", azaldu du MSFk, "eta gaixoak artatzeko laguntza eta material osagarria ere eman nahi dizkiegu".

Sarin gasaren erabilpenaIsraelgo segurtasun alorreko hainbat iturrien arabera, Siriako Gobernuak sarin gasa erabili zuen asteazkenean Damaskon izandako erasoan, lurrunketa arin gertatzen delako eta horrek frogak desagertarazten dituelako. "Sarin gasa arin lurruntzen da, eta antzemate unetik ordu gutxira jaso behar dira frogak, bestela, horren erabilpena egiaztatzea ezinezkoa izango da", azaldu dio Avi Bitzur koronelak 'Yedioth Aharonoth' kazetari. "Siriarrek nahiago dute sarin gasa erabiltzea, VX gasa edo mustarda agenteak baino", adierazi du militarrak. Halaber, biktimek erakutsitako zantzuak hurbiletik zaintzea gomendatu dio NBEko begirale-taldeari.

 

 

 

 

 

 

 

 

¿
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Gerra Siria NBE Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Siria albisteak gaur Ekialde Hurbileko albisteak