Mundua -
Siria
NBEk azken eraso kimikoa 'atzerapenik gabe' aztertzea eskatu du Sirian
Ban Ki-moonek Damaskora bidaiatzeko instrukzioak eman dizkio Desarme Gaietako goi-karguari.
Erredakzioa
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak "atzerapenik gabe" Sirian izan den azken eraso kimikoa aztertzea eskatu du, eta Damaskora bidaiatzeko instrukzioak eman dizkio Desarme Gaietako goi-karguari.
"Idazkari nagusia oso kezkatuta dago gertatutakoagatik, eta ezbeharra atzerapenik gabe aztertu behar dela uste du", azaldu du Eduardo del Buey NBEko bozeramaileak eman den prentsaurrekoan. Horretarako Siriako Gobernuari "eskaera formal" bat egin zaiola gaineratu du.
Bozeramaileak adierazi duenez, Ban nazioarteko liderrekin kontaktuan dago asteazkenetik Siriako egoeraz hitz egiteko, eta Angela Kane Desarme Gaietako goi-karguari Damaskora bidaiatzeko instrukzioak eman dizkiola nabarmendu du.
Su-etena eskatu zuen idazkari nagusiak berriro Damaskon dagoen misio berri bat ezbeharra izan den lekura sartzeko baimena eskatu du, gertatutakoa ikertzeko.
Siriako erregimenak Damasko kanpoaldea bonbardatu du
Siriako erregimenak Damasko kanpoaldeko hainbat gune bonbardatu ditu ostegun honetan, hainbat aktibista taldek salatu dutenez. Atzo, ustez izandako eraso kimikoaren ondoren gertatu da gaurko erasoa. Asteazkenean 1.300 pertsona hil zirela salatu zuen oposizioak. Alemaniak eta Frantziak gertaturikoa "lehenbailehen" argitzeko eskatu dute gaur.
Siriako Iraultza Batzordeak azaldu duenez, Muadamiyan eta Guitan izan dira gaurko bonbardaketak, ustezko eraso kimikoa izandako gunetik gertu.
Hegazkin militarrek Al Qabun auzoa ere bonbardatu dute.
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) begiraleei ustez izandako eraso kimikoaren tokira sartzeko uzteko eskatu du Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri Arazoetako ministroak. Errusia eta Txinaren jarrera gaitzetsi du, NBEko Segurtasun Kontseiluan erasoaren gaineko ikerketa bat zabaltzea eragozteagatik.
"Eraso kimikoa baieztatzen bada, indarrez erantzun beharko da", Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroaren esanetan. Gertaturikoari buruzko ikerketa egitea ez oztopatzeko eskatu dio gainera, Bashar Al Assad Siriako presidenteari. AEB, Erresuma Batua eta Frantzia erantzuna emateko gai dira, baina ukatu egin du soldaduak bidaliko dituztela.