Mundua -
Eraso gehiago
Siriako erregimenak Damasko kanpoaldea bonbardatu du
Erasoa, ustez, eraso kimikoa izandako gunetik hurbil izan da, errebeldeen esanetan. NBEkop begiraleei erasoaren tokira sartzen uzteko eskatu du Alemaniak, eta Frantziak "indarrez" jardutea eskatu du.
Erredakzioa
Siriako erregimenak Damasko kanpoaldeko hainbat gune bonbardatu ditu ostegun honetan, hainbat aktibista taldek salatu dutenez. Atzo, ustez izandako eraso kimikoaren ondoren gertatu da gaurko erasoa. Asteazkenean 1.300 pertsona hil zirela salatu zuen oposizioak. Alemaniak eta Frantziak gertaturikoa "lehenbailehen" argitzeko eskatu dute gaur.
Siriako Iraultza Batzordeak azaldu duenez, Muadamiyan eta Guitan izan dira gaurko bonbardaketak, ustezko eraso kimikoa izandako gunetik gertu.
Hegazkin militarrek Al Qabun auzoa ere bonbardatu dute.
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) begiraleei ustez izandako eraso kimikoaren tokira sartzeko uzteko eskatu du Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri Arazoetako ministroak. Errusia eta Txinaren jarrera gaitzetsi du, NBEko Segurtasun Kontseiluan erasoaren gaineko ikerketa bat zabaltzea eragozteagatik.
"Eraso kimikoa baieztatzen bada, indarrez erantzun beharko da", Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroaren esanetan. Gertaturikoari buruzko ikerketa egitea ez oztopatzeko eskatu dio gainera, Bashar Al Assad Siriako presidenteari. AEB, Erresuma Batua eta Frantzia erantzuna emateko gai dira, baina ukatu egin du soldaduak bidaliko dituztela.
NBEk ez du ikertuko Sirian ustez izan den eraso kimikoa
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua "oso kezkatuta" agertu da Sirian bizi duten egoerarekin, eta oposizioak salatu duen ustezko eraso kimikoa, Al Asaden Gobernuak ukatu duena, argitzeko eskatu dute.
Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du gaur ateak itxita, Frantziak, Britainia Handiak, Luxenburgok, Hego Koreak eta AEBek eskatuta, Siriako azken gertakariak aztertzeko.
"Kideon artean kezka handia dagoela esan dezaket, eta denok pentsatzen dugu gertatutakoa argitu behar dela", adierazi du Maria Cristina Perceval Argentinako enbaxadore eta Kontseiluko txandakako presidenteak prentsaren aurrean.
Hala eta guztiz ere, NBEren Segurtasun Kontseilua ez da ustezko eraso hori iker dadila eskatzeko ebazpen bat edo adierazpen presidentzial bat (maila baxuagoko agiria) adosteko gai izan.
Percevalek azaldu duenez, ordea, "denek" egin dute bat iritzi batekin: arma kimikoak erabili dituztela egiaztatzen bada, nazioarteko legediaren urraketa izango litzateke. Horrez gain, berehalako su-etena eskatu du NBEk.
Siriak eraso kimiko batean 1.300 pertsona hil dituela salatu dute
Gutxienez 1.300 pertsona hil dira Damascon Siriako Gobernuak ustez egin duen eraso kimiko baten ondorioz, Siriako Koalizi Nazionalak (osposizioak) salatu duenez.
Erakunde horretako George Sabra bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du asteazken honetan Istanbulen, eta erasoan arma kimikoak erabili dituztela salatu du, Damascoko Gobernuak ukatu egin badu ere.
"Erasoaren tokian zeuden medikuek iritziz, sarin gasa erabili dute emakumeak eta haurrak nola hil diren ikusita", adierazi du Badr Yamus Siriako Koalizio Nazionaleko bozeramaileak.
"Ez da gisa horretako hilketa bat gertatzen den lehen aldia, eta nazioarteko komunitateak ez du inoiz ezer egiten. Nazio Batuetako Batzordeari sarraskiaren tokira joan eta gertaturikoa ikertzeko eskatzen diogu, baina erregimenaren baimenik gabe hoteletik ezin dutela irten diote", gaineratu du.
Gobernuak ukatu egin du
Bachar al Asaden Gobernuak ukatu egin du eraso kimikoa egin dutela. Sana albiste-agentziak kontsultatutako Gobernuko iturrien arabera, informazio horiek "faltsuak" dira.
Iturri horren arabera, "Al Yazira, Al Arabiya eta Sky News, besteak beste, Siriako odol isurketan eta terrorismoaren babesean inplikatuta daude".
Gobernuak salatu duenez, NBEri presioa egitea da informazio horien helburua; izan ere, Nazio Batuen Erakundeko kideak Sirian daude arma kimikoen ustezko erabileraren inguruko ikerketa egiten.