Mundua -

Siriako gerraren eraginez

Milioi bat siriarrek ihes egin du aurten herrialdetik, babes bila

Siriako gerrak eragindako errefuxiatuen kopuruak ez du behera egiten, eta egunero 7.000 herritarrek alde egiten dute bertatik.

Siriako errefuxiatuak. Argazkia: EITB.
Siriako errefuxiatuak. Argazkia: EITB.
Siriako errefuxiatuak. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012an mundu osoan zenbatutako beste errefuxiatu atera dira Siriatik ihesi 2013ko lehen seihilekoan, jakinarazi du Antonio Guterres NBEren Errefuxiatuetarako Goi komisarioak (ACNUR).

Egun, 1,6 milioi siriarrek Jordanian, Libanon, Turkian, Iraken eta Egipton hartu dute babesa. Horietatik, milioi batek 2013ko lehenengo seihilekoan egin du ihes.

"Siriako krisia mundu osoko lekualdaketei eragiten dien faktore berri bat da", adierazi du Gutierresek, "ACNUR, 2012ko Joera Globalak" txostenean.

Dokumentu horren arabera, errefuxiatu gehien dituzten munduko bost herrialdeetako bat bihurtu da Siria. Izan ere, 2012 bukatu baino lehen, 728.500 pertsonak ihes egin zuten bertatik; horietako 647.000, Siriako gerraren eraginez.

Gerrak eragindako errefuxiatuen kopuruak ez du behera egiten, eta egunero ihes egiten duten pertsonen kopurua 7.000ra handitu da. Hala, urte bukaerarako 3,5 milioi pertsona erbestean egongo direla uste dute.

Goi komisarioak jakinarazi duenez, errefuxiatuen zati handi bati inguruko herrialdeen elkartasunari esker eman ahal izaten diote ostatu. Adibidez, Libanon, populazioaren % 20 Siriako errefuxiatuak dira.

Alemaniako Gobernuak 5.000 errefuxiatu hartuko dituela iragarri du, eta ACNUR erakundea hainbat herrialderekin hizketan ari da beste 5.000 pertsonari babesa emateko.

"Ez dugu aurreikusten finkatze masiboak egiteko programarik abiatzea. Horren ordez, herrialdeek ahal dituzten errefuxiatuak hartzea nahi dugu. Irtenbide arinagoa eta errazagoa da, inork ez dakielako zelan bukatuko den Siriako gerra", azaldu du Guterresek.

"Siriako egoera existentzia-eztabaida bilakatzen ari da. Nazioarteak erantzukizun handia du. Gatazka bukatzen ez bada, ondorioak izugarriak izango dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Gerra Siria NBE Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Siria gaur Ekialde Hurbila gaur