Mundua -
Desadostasunak Ipar Irlandan
G8a, Siriaren inguruko akordio batetik urrun goi-bileran
Siriako gatazkaren inguruko desadostasun sakonak onartu dituzte AEBek eta Errusiak, baina indarkeriari amaiera emateko interesa azaldu dute biek.
Erredakzioa
G8 munduko herrialde industrializatuenen goi-bilera hasi da Ipar Irlandako paraje bakartu eta idiliko batean hasi da. Siriako gatazkaren inguruko desadostasunak nagusi dira bileran. Segurtasun neurri handiak dira zonan.
AEB, Erresuma Batua, Alemania, Japonia, Frantzia, Italia, Kanada eta Errusiako estatuburuek eta gobernuburuek bi egun emango dituzte Lough Erneko hotel batean, aintzira baten alboan. Zazpi kilometroko hesi batek zona inguratzen du eta segurtasun neurriak ikaragarriak dira.
Bachar al Asaden erregimenaren aldeko eta kontrako herrialdeek desadostasunak agerian utzi dituzte lehen ordutik. Siriako gatazkak 90.000 hildako baino gehiago utzi ditu azken bi urteetan eta bilerako ardatz nagusia izango da.
Siriako gatazkaren inguruko desadostasun sakonak onartu dituzte AEBek eta Errusiak, baina indarkeriari amaiera emateko interesa azaldu dute biek. Era berean, bi aldeek negoziazioa zabaldu behar dutela uste dute.
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako buruzagiak Siriako egoera lazgarria eztabaidatu dute G8tik kanpo. Bilerak bi orduko iraupena izan du.
Europak Siriako matxinoei armak ematen baldin badizkie "ordainduko" duela ohartarazi du Bashar al Assadek Frankfurter Allgemeine Zeitung Alemaniako egunkarian.