Mundua -

AEB-ak

Zer da 'amildegi fiskala'? Zer ondorio ekarriko lituzke?

AEBak atzeraldian sartzea sor dezakeen neurri-sorta bat da, akordioa lortu ezean urtarrilaren 1ean automatikoki indarrean sartuko litzatekeena.

Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako 'amildegi fiskala' akordioa lortu ezean urtarrilaren 1ean automatikoki indarrean sartuko liratekeen zerga igoera bat eta gastu publikoaren murrizketa handi bat da.

Adituen ustez, 'amildegi' horretan erortzeak atzeraldia ekarriko luke berriz herrialdera, ekonomia hobera egiten ari den honetan, hain justu.

Zerga igoerak 2003. urtean George W. Bush presidenteak onartutako eta Barack Obamak 2010.ean luzatutako zerga-salbuespenen edo "opor fiskalen" amaieraren ondorio izango lirateke. Hori dela eta, estatubatuar gehienen zergak igoko lirateke.

Bestalde, gastu murrizketa automatikoak Kongresuak onartu zituen iazko udan, bi alderdiei presioa egiteko modu gisa, defizita murrizteko akordioa lor zezaten.

Murrizketa 65.000 milioi dolarrekoa izango litzateke bakarrik 2013. urtean, eta 980.000 milioi dolarrekoa hurrengo hamarkadan.

Besteak beste, defentsa arloan % 10eko murrizketa egingo lukete, hezkuntzan eta ikerketan % 8koa eta Medicare edadetuen osasun programetan % 2koa.

Etxe Zuriak ez die zergak igo nahi klase ertainei, eta defizita aberatsenen zergak igoz murriztea proposatu du.

Hasiera batean, AEBetako Gobernuak urtean 250.000 dolarreko soldatetan jarri zuen zergak igotzen hasteko muga, baina azkenean 400.000ra igo du.

Ordezkarien Ganberako presidenteak, John Boehner errepublikanoak, oniritzia eman dio aberatsenei zergak igotzeari, baina betiere urtean milioi bat dolar baino gehiago irabazten dutenei.

Aurrekontuetarako Kongresuaren Bulegoaren kalkuluen arabera, AEBetako barne produktu gordina (BPG) % 3,9 jaitsiko litzateke herrialdea 'amildegi fiskalean' eroriko balitz. Horrek atzeraldia ekarriko luke, hurrengo urterako hazkunde aurreikuspena % 2koa baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea