Gizartea -
LUR-JAUSIA
Debako N-634 errepidea itxita egongo da ekainera arte, mendoitzaren ezegonkortasunagatik
Bidea erabat itxi dela ohartarazten duten seinaleak dauden arren, autoak, kamioiak eta mendizaleak ibiltzen dira kaltetutako eremutik. Horregatik, herritarrei dei egin diete, zuhur ibil daitezen, inguruan egotea arriskutsua baita.
Agentziak | EITB MEDIA
N-634 errepideak "gutxienez" ekainera arte itxita jarraituko du Deba parean, "ezegonkortasun konplexu eta aktibo larriagatik". Joan den urtarrilean izandako luizi batek eragindako mendoitzean antzeman dute. Hori dela eta, oinezko eta txirrindulariek galarazita dute bertan ibiltzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean adierazi duenez, lanak egin diren arren, beste lur-mugimendu batzuk antzeman dira, eta errepidera iristeko arriskua dago. Hori dela eta, bidea bi noranzkoetan itxita egongo da ekainera arte. Aurreikuspenen arabera, uda sasoiaren hasierarako errei bat irekiko da.
Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak adierazi duenez, "obren garapenaren, lurraren portaeraren eta eguraldiaren araberakoa izango da", baina errepidea guztiz irekitzea "ez da posible izango udazkena baino lehen".
Bidea erabat itxi dela ohartarazten duten seinaleak dauden arren, autoak, kamioiak, erromesak eta mendizaleak ibiltzen dira kaltetutako eremuan. Horregatik, herritarrei dei egin diete, zuhur ibil daitezen, inguruan egotea arriskutsua baita.
"Debako biztanleentzat, Itziarko industrialdearentzat, inguruetako enpresentzat eta kaltetutako auzoentzat nahaste handia" dela onartu du Urkolak, baina "une honetan segurtasuna izan behar da lehentasuna".