Gizartea -
Trafikoa
Bergara eta Maltzaga arteko AP-1 autobidea itxi egingo dute ostiral gauean Lesarriko tunela irekitzeko
Bidegik 23.822.890 euro inbertitu ditu azpiegitura berritzeko lanetan eta 24 hilabeteko iraupena izan dute. Larunbatean irekiko dute tunela.
EITB Media
AP-1 autobidea itxita egongo da ostiral gauean Bergara hegoaldeko lotunearen eta Maltzagako lotunearen artean, Lesarriko tunel berrituaren lehen fasea irekitzeko lanak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Larunbatean irekiko dute tunela.
Itxiera ostiralean hasiko da, apirilaren 11n, 21:30ean, eta biharamuneko 09:00ak arte egongo da itxita. Alternatiba gisa, AP-8tik Gasteizera doazen ibilgailuek Eibarko irteera erabili, eta GI-627 errepidetik jarraitu beharko dute Bergara hegoaldeko sarreraraino, AP-1era sartzeko. AP-1etik Bilborantz edo Behobiarantz doazenek ibilbide bera egin beharko dute kontrako noranzkoan, Bergara hegoaldetik irten eta Eibarko lotunea erabili beharko baitute AP-8ra sartzeko.
Lanak gauean egingo dira, trafikoan eraginik txikiena izateko helburuarekin.
Bidegik 23.822.890 euro inbertitu ditu azpiegitura berritzeko lanetan, eta lanek 24 hilabeteko iraupena izan dute. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkola ostiral honetan izan dira bisitan AP-1 errepideko Lesarriko tunelean, Behobiako noranzkoan, lanak amaitu ostean. Mendozak nabarmendu duenez, tunelaren bi hodien eraberritze integralak "segurtasunaren eta ekipamendu teknologikoaren arloan Europako estandar gorenen maila gainditzen du".