Gizartea -
Ertzaintza
Bi gazte atxilotu dituzte Bilbon, beste bati behin eta berriz eraso egitea leporatuta
Borroka batean biktima kolpatu dute atxilotuek eta, lurrera erori denean, eraso egiten jarraitu dute. Zauritua ospitalera eraman dute, eta ustezko erasotzaileei lesio delitua egotzi diete.
EITB MEDIA
Ertzaintzako agenteek 18 urteko bi pertsona atxilotu dituzte larunbat goizaldean Bilbon, lesio-delitu bat egotzita. Kalean eztabaida bat izan ondoren, gazte bat jo dute, eta lurrera erori denean, eraso egiten jarraitu dute.
05:00ak aldera, Herritarren Babeserako patruila bat Bilboko Telesforo Aranzadi kalera bidali dute, mutil gazte bat lurrean zegoelako, itxuraz konorterik gabe, eraso bat jasan ondoren.
Lekukoen arabera, hainbat pertsonaren arteko eztabaida izan da, eta erasotzaileek biktima lurrera bota dute eta hainbat kolpe eman dizkiote. Osasun-baliabide batek zaurituaren egoera baloratu du, eta Basurtuko Ospitalera eraman du, sudurra hautsita zuelakoan.
Agenteak, berriz, Abando aldera joan dira, erasotzaileak hara joan direla esan baitiete lekukoek. Bertan, lau gazte identifikatu dituzte, eta horietako bi erasotzaileen deskribapenarekin bat zetozen. Hori dela eta, zenbait egiaztapen egin ondoren, atxilotu egin dituzte, lesio-delitu bat egotzita.
Ertzain-etxean izapideak amaitutakoan, epaile aurrera eramango dituzte.