Gizartea -
Ezbeharra Mendian
Mendizale kataluniar bat hil da Armeniako tontorrik garaienean, elur-jausi batek harrapatuta
Harekin zihoazen zortzi mendizaleak bizirik atera dira, baina zazpi ospitalera eraman behar izan dituzte.
EITB Media
Joan Barrera La Seu d'Urgelleko (Lleida) alkateak baieztatu duenez, Aragats mendiaren iparraldean, Armenian, izandako elur-jausiaren ondorioz desagertutako alpinista kataluniarra hil da. Gainera, lau zauritu larri eta lau arinago utzi ditu elur-jausiak, eta ospitalera eraman dituzte.
RTVEn egindako elkarrizketa batean esan duenez, Udala kaltetutako familien esanetara jarri da, eta zauritu guztiak sendatuko direla esan du: "Mendizaleak jota daude bizitakoaren ondorioz, eta amesgaizto honen ondoren etxera itzultzea espero dute".
Ordu batzuk lehenago, Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak baieztatu du Kataluniako mendizale bat desagertuta zegoela Armenian, elur-jausi batek harrapatuta. Gainera, harekin zihoazen zazpi kataluniar ospitalean daude (baina arriskuz kanpo), eta beste bat onik dago.
Elur-jausiak Aragots mendian harrapatu ditu bederatzi mendizale kataluniarrak. Armeniako tontor garaiena da (4.095 metro). Aktibo ez dagoen sumendia da, hain zuzen ere.