Gizartea -
Europa Liga
Segurtasun dispositibo berezia prestatu dute ostegunerako Bilbon, Athleticen eta Erromaren arteko partidagatik
Athleticek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Bilbo erdiguneko trafikoari bereziki eragingo dion dispositiboa antolatu dute. 15:00etan hasiko dira lehen zirkulazio etenak Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetan, eta 15:45ean, Kale Nagusian, Sabino Aranan, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean.
Agentziak | EITB Media
Athleticek, Bilboko Udalak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia antolatu dute, datorren ostegunean, Athleticek eta Erromak jokatuko duten partida dela eta. Europa Ligako final zortzirenetako itzulerako norgehiagoka 18:45ean hasiko da, San Mamesen.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ertzainak eta udaltzainak kalean ibiliko dira egun osoan zaleen arteko elkarbizitza eta hiriaren eguneroko martxa bermatzeko.
Segurtasun dispositiboak batez ere San Mames inguruan izango du eragina.
15:00etatik aurrera zirkulazioa etengo dute, Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetan. Halaber, 15:45etatik aurrera, beste hainbat gune itxiko dituzte Kale Nagusian, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean.
Tranbia zerbitzuan ere eragina izango du, eta 16:00etatik 17:00etara Euskalduna Jauregiraino soilik iritsiko da.
Futbol partidara joateko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea gomendatzen dute agintariek.
Halaber, terrazetako elementu mugikorrak kentzea goemndatu diete Luis Briñaseko (Poza Lizentziatuaren eta Felipe Serrateren artean daudenei) tabernei.
Azkenik, osteguneko partida protokolo eta segurtasun neurri batzuk probatzeko baliagarria izango da, datorren maiatzaren 21ean Bilbon, San Mamesen, jokatuko den Europa Ligako finalari begira.