Gizartea -
Ezbeharra gipuzkoan
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Usurbilgo goi-tentsioko dorreak araudia betetzen zuen egiaztatzeko
Iberdrolak zehaztu du dorrea eta lursaila jabego pribatukoak direla. Bi adingabe zauritu ziren, elektrokutatuta, goi-tentsioko dorre batera igota. Gazteena, 11 urteko mutikoa, larri baino egonkor dago Gurutzetako Ospitalean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den larunbatean Usurbilen (Gipuzkoa) goi-tentsioko dorre batera igo eta elektrokutatuta zauritutako adingabeen kontura, Iberdrolak nabarmendu du goi-tentsioko dorreak berak eta lursailak jabego pribatua dutela, eta jabeari dagokiola "segurtasuna mantentzea eta dorrearen sarbidea mugatzea, baita derrigorrezko segurtasun-neurriak hartzea ere".
Argindar konpainiak oharra atera du gaur, astelehenarekin, Usurbilgo Udalak Errota Berri inguruan gertatutakoaren harira egindako eskaera dela eta. Udalak herrigunean dauden dorreak ikuskatu eta babesteko eskaria egin zuen atzo, bertara igotzea hain erraza dela ikusita. Iberdrolak argitu du ez dagokiola berari dorre hura babestea, lursail pribatu batean baitago.
Iberdrolak gertatutakoa deitoratu du, eta zauritutakoei lehenbailehen osatzea opatu die. Nabarmendu duenez, istripuaren gainekoak ikertzeko abiatzen diren izapideetan parte hartzeko prest dago. Gainera, zehaztu du ezbeharra gertatu eta berehala argindarra kendu zutela inguruan, biktimak modu seguruan erreskatatu ahal izateko.
Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak ez du arduren eztabaidan sartu nahi izan, eta gogora ekarri du Ertzaintzak ikerketa abiatu duela zehazteko dorre horrek "araudia betetzen" ote zuen eta hura babestea "nori dagokion". "Halako ikerketek denbora behar dute, beraz, zer esango zain gaude", erantsi du. Goi-tentsioko dorreen segurtasuna Udalaren eskumena ez izan arren, azpimarratu du horrek ez duela esan nahi Udala "arduratuta ez" dagoela, eta aurreratu du, behin ikerketaren emaitzak eskuan, baloratuko dutela neurri zuzentzailerik edo bestelakorik hartu behar ote duten.
Kontu hori gorabehera, nabarmendu du zauritutako adingabearen egoerak kezkatzen dituela. "Hori da orain garrantzitsuena", gaineratu du.
Ondo seinaleztatuta
Oihane Abarrategi EHUko Ingeniaritza Elektronikoko irakasleak argitu duenez, legeak ez du dorrea hesitzera behartzen, "komenigarria" dela jasotzen badu ere. Hala, nahitaezkoa den neurri bakarra da deskarga elektrikoa jasotzeko eta, beraz, hiltzeko arriskua dagoela ohartarazten duen seinalea jartzea. Izan ere, deskarga elektrikoa jasotzeko ez da beharrezkoa kablerik ukitzea, nahikoa da argindar tentsioa dagoen eremura hurbiltzea.
11 urteko mutikoa, larri
Gertakarian bi adingabe zauritu ziren. Horietako batek, 11 urteko mutikoak, Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Erredura Handien Unitatean jarraitzen du ingresatuta; larri, baina egonkor. Atzo lau orduko ebakuntza egin zioten umeari.
Zauritutako bestea, 15 urteko neskatoa, Donostia Ospitalera eraman zuten, eta sendagiria eman diote dagoeneko.
Gertaerak larunbat arratsaldean jazo ziren, 18:10ean, Usurbilgo Errota Berri inguruan. Hiru adin txikiko Atxega jatetxean zeuden, familiako ospakizun batean, eta handik irten eta goi-tentsioko dorrera igo ziren bi lehengusu-lehengusin.
Lekukoen arabera, eztanda moduko bat entzun zen, eta argia joan zen industrialdean.
Dorrera igo ez zen haurra ostatura itzuli zen abisu ematera, eta, bitartean, inguruan ziren bi helduk larrialdi-zerbitzuetara deitu zuten.
Ertzaintzak, Donostiako suhiltzaileek eta udaltzainek hartu zuten parte erreskatean.
Mota honetako istripuak ohikoak ez diren arren, azken urtebetean Euskal Herrian hainbat izan dira. Urtarrilean, 57 urteko gizonezko bat hilda topatu zuten Gamarran (Gasteizen), elektrokutatuta. Iazko ekainean, 15 urteko mutiko bat hil zen Sopelan (Bizkaian), antzeko gertakari batean.