Gizartea -

Sexu-erasoak

Akusazio partikularretako batek 290 urteko zigorra eskatu du Hondarribiko surf eta skate irakaslearentzat

11 biktimak izan dira deklaratzen lehenak; adingabeak direnez, ateak itxita hasi da epaiketa. Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko kartzela-zigorra eskatu du skate eskolak ere ematen zituen 40 urteko gizonezkoaren aurka.

Epaiketaren hasiera Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE
Epaiketaren hasiera Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE

Hasi da 11 adingaberi sexu erasoak egitearren auzipetutako Hondarribiko surf irakasleari epaiketa

0:27

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi akusazio partikularretako batek, Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eta skate irakaslearen hamaika biktimetako hamar ordezkatzen dituenak, 290 urteko espetxe-zigorra eskatu du gizon horrentzat, auziko iturriek EFEri jakinarazi diotenez. Gaur hasi da 11 adingaberi sexu-erasoak egitea egotzita auzipetutako irakaslearen aurkako epaiketa, eta gutxienez hilaren 21era arte luzatuko da.

Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko kartzela zigorra eskatuko du: 84 urteko zigorra 16 urtez azpiko adingabeen aurkako 11 deliturengatik eta urtebeteko zigorra haur pornografiako edukiak edukitzeagatik. Biktimetako batzuek 9-10 urte zituzten erasoak gertatu zirenean.

11 biktimen testigantzarekin abiatu da epaiketa, ateak itxita. Ustezko erasotzailearen deklarazioa, aldiz, prozesuaren azken egunetarako dago aurreikusita.

Lekukotzekin hasi baino lehen, epaiketaren aurretiazko eginbideak izan dira gaur. Gizonaren defentsak drogen desintoxikazioari buruzko txosten bat aurkeztu du, eta biktimetako baten abokatuak, horren txosten psikologikoa. Biak onartu ditu epaimahaiak.

Fiskaltzaren idatziaren arabera, irakasleak adingabeekiko zuen nagusitasunaz baliatzen zen euren konfiantza lortzeko, izan ere, "jarraitu beharreko eredutzat" zuten. Irakasleak "arreta ematen eta opariak egiten limurtzen" zituen adingabeak, eta "mendekotasun sentimendua sorrarazten zien". Ondoren, etxera edo furgonetara gonbidatzen zituen, eta han egiten zizkien erasoak.

Hamarkada bat erasoak egiten

Eskolak ematen zituen bitartean egin zituen erasoak, salaketen arabera. Hain zuzen ere, Ertzaintzak 2021eko abuztuan atxilotu zuen, eta haur pornografiako 4.208 artxibodun disko gogor bat topatu zuen horren etxean. Gutxienez, baina, 10 urte (2011-2021) zeramatzan erasoak egiten, gerora jakin zutenez. Atxilo hartu zutenean, Irungo epaitegi batek espetxeratzeko agindua eman zuen.

Surf eta skate irakaslea zen. Hondarribian jaso ohi zituen ikasleak, eta Landetara joateko ohitura zuen, egun bateko edo hainbat egunetako txangoak egitera.

Epaiketa martxoaren 21era arte dago aurreikusita, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, baina iturri juridikoen arabera, baliteke gehiago luzatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Sexu erasoak