Gizartea -

Gipuzkoa

Bi adingabe zauritu dira Usurbilen, goi-tentsioko dorre batera igo ostean elektrokutatuta

Ezbeharra larunbatean jazo da, 18:10ean, Usurbilgo Errota Berri inguruan. Zaurituak, 11 eta 15 urteko lehengusu-lehengusinak, Donostia Ospitalera eraman dituzte aurrena, baina gazteena Gurutzeta Ospitaleko Erredura Handien Unitatera eraman dute gero, larri baina egonkor.

Tekinakariak, Usurbilen, igande honetan. EITB.
Tekinakariak, Usurbilen, igande honetan. EITB.

Tekinakariak, Usurbilen, igande honetan. EITB.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi adingabe zauritu dira Usurbilen (Gipuzkoa), goi-tentsioko dorre batera igo ostean elektrokutatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igande honetan jakitera eman duenez.

Zaurituak, 11 eta 15 urteko lehengusu-lehengusinak, Donostia Ospitalera eraman dituzte aurrena, baina gazteena, mutikoa, Gurutzetara eraman dute gero, Erredura Handien Unitatera. Larri baina egonkor dago. 

Ezbeharra larunbat arratsaldean gertatu zen, 18:10ean, Usurbilgo Errota Berri inguruan.

Hiru adin txikiko Atxega jatetxean zeuden familiako ospakizun batean, eta handik irten eta goi-tentsioko dorrera igo ziren horietako bi. 

Lekukoen arabera, eztanda moduko bat entzun zen, eta argia joan zen industrialdean. 

Dorrera igo ez zen haurra ostatura itzuli zen abisu ematera, eta, bitartean, inguruan ziren bi helduk larrialdi-zerbitzuetara deitu zuten.

Ertzaintzak, Donostiako suhiltzaileek eta udaltzainek hartu zuten parte erreskatean. 

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak atsekabea agertu du gertatutakoaren aurrean, eta zaurituak lehenbailehen osatzea espero duela esan du.

Era berean, ezbeharra gertatu den goi-tentsioko dorrera igotzea hain erraz dagoela antzeman ostean, Usurbilgo Udalak herrigunean dauden dorreak ikuskatu eta babesteko eskaria egingo dio Iberdrolari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Usurbil Albisteak Umeak