Gizartea -
Mendiko istripua
38 urteko mendizale bilbotar bat hil da Huescako Pirinioetan, 300 metrotik erorita
Hildakoa Russell mendiaren gailur inguruan ibilbidea egiten ari zen, Montanuy udalerrian, ingurune malkartsu batean. Huescako Guardia Zibilak abisua asteartean jaso zuen, 18:26 aldera, mendizale bilbotarra Cap de Llauseteko aterpera iritsi ez zela ikusita. Gorpua gaur 11:30 aldera topatu dute.
EITB Media
Bilboko 38 urteko gizon bat hilda aurkitu dute Posets-Maladeta Parke Nazionaleko Russell gailurrean (Huesca). Antza denez, biktima 300 metroko altueratik erori da. Heraldo de Aragon egunkariak zehaztu duenez, hildakoa Mikel Lorente da, eta Cap de Llauseteko aterpean lan egiten zuen.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, hildakoa Russell gailur inguruan ibilbidea egiten ari zen, Montanuy udalerrian, eremu malkartsu batean.
Huescako Guardia Zibilak abisua asteartean jaso zuen, 18:26 aldera, mendizale bilbotarra Cap de Llauseteko aterpera iritsi ez zela ikusita.
Benasqueko GREIMeko eta Huescako Aire Unitateko guardia zibilek bilaketa dispositibo bat martxan jarri zuten berehala, eta gaur, 11:30 aldera, mendizalearen gorpua topatu dute.
Gorpua Benasquera eraman dute, hegazkinez, eta handik Huescako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute.