Gizartea -
'MANGOLSEN BIDAIA'
Euskadiko 400 familia haurren obesitatea tratatzeko programa batean parte hartzen ari dira
'Mangolsen bidaia' programak jolas hezitzaile bat du ardatz, eta, besteak beste, bizi-ohiturak aldatzea du helburu. Gainera, elikaduran, jarduera fisikoan eta osasun emozionalean jokabide osasungarriak sustatu nahi ditu.
Agentziak | EITB MEDIA
2021ean, Osakidetza 'Mangolsen bidaia' jolas hezitzailean oinarritutako programa sustatzen hasi zen Lehen Mailako Arretako sare osoan haurren obesitateari aurre egiteko, eta tratamendua jaso duten hiru adingabetik bik osasun egoera hobetzea lortu dute lehen urtean.
Osakidetzak jakinarazi duenez, ekimenak puntako teknologia eta aurrez aurreko kontsultak uztartzen ditu, eta helburua da 7-14 urteko haurrak eta haien familiak ahaldundu daitezen, bizi ohiturak aldatzeko eta eguneroko bizitzan jokabide osasungarriagoak txertatzeko nutrizioan eta elikaduran, jarduera fisikoan eta osasun emozionalean, "haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen aurka borrotzeko ezinbestekoa baita arazoari ikuspegi integral batetik begiratzea".
Osakidetzaren arabera, tratamendu tradizionalen bidez "oso atxikimendu eskasa" lortzen zen, eta, orain, EAEko osasun publikoko profesionalei historia klinikoarekin integratutako tresna bat eman zaie, errazago esku hartzeko. Gainera, pazienteen onarpena eta motibazioa handiagoak dira.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 400 familia inguru daude haurren obesitatea eta gehiegizko pisua prebenitzeko tratamenduan 'Mangolsen bidaia' programaren bidez, eta 600 profesional inguru trebatu dira haurren obesitatean eta tresna horren erabileran, pediatrak eta erizainak, batik bat.
"Hezkuntza bideojokoek esperientzia interaktibo eta dibertigarri bihurtzen dute ikaskuntza prozesua, eta, horrela, osasuneko esku-hartzea entretenigarri bilakatzen da eta tratamenduarekiko konpromisoa eta atxikimendua hobetzen dira", azaldu du Iratxe Salcedo Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako Pediatriako arduradunak. 2021ean programa Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sare osoan hedatzen hasi zenetik hainbat emaitza lortu dira, eta, horien artean, hobekuntzak nutrizioan eta metabolismoan. Hain zuzen, gorputz-masaren indizearen arabera hiru egoera bereizten dira: obesitatea duten adingabeak, gehiegizko pisua duten adingabeak eta normopisua duten adingabeak.
Bada, tratamendua jasotzen dutenen artean, lortu dute obesitatea duten adingabeen % 20k lehen urtean gehiegizko pisu egoerara hobetzea, eta gehiegizko pisua duten ia adingabe guztiak iritsi dira balio osasungarrietara, normopisura, alegia. Gainera, ikusi da dieta mediterraneoarekiko atxikimendua handitu egin dela, eta horrek partaideen elikaduraren kalitate orokorra hobetu du.
Bestalde, Jarduera fisikoa areagotu eta sedentarismoa murriztu da, paziente aktiboen portzentajea % 24,1etik % 36,7ra igo da eta. Pantaila aurreko denbora nabarmen hobetu da, hau da, pantaila aurrean egunean bi ordu baino gutxiago igarotzen dituztenen datua % 48,1 izatetik % 83,5 izatera igaro da.
Bada programaren beste emaitza aipagarri bat: norbere osasunaren pertzepzio positiboaren gainekoa. Beren osasuna "ona, oso ona edo bikaina" dela uste duten parte-hartzaileen proportzioa % 75,9tik % 95,2ra igo baita. 'Mangolsen bidaia' ekimenaren arrakasta ikusita, Osakidetzak bigarren zatia abiatuko du, esku-hartzearen ostean edo mantentze-fasean dauden adingabeei zuzenduta, hau da, tratamendua amaitu ondoren ohitura osasungarriei eusteko erronka duten pazienteentzat, esku-hartzearen ondorengo urteetan atxikimendua gal ez dadin.
Espero da bideojokoaren bigarren partea udarako prest izatea. Bertan, aurretik ikasitakoa gogorarazteko mezuak azpimarratzeaz gain, jarduera fisikoa landuko da "tabata" motako entrenamenduen eta errezeta osasungarrien bidez, eta emozioak kudeatzeko tresnak emango dira.
Osakidetzak adingabeen zein helduen artean osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko abian jarritako ekimenetako bat da 'Mangolsen bidaia', eta ekimen horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Osasun Eskolan kontsulta daiteke.