Gizartea -
Araba
Behin-behinean kartzelatu dute Gasteizko diskoteka baten atarian izandako heriotzagatik atxilotutako atezaina
24 urteko espetxeratua arte martzialetan aditua da. Ez du aurrekari penalik, baina ikerketaren ingurukoek diote hamar salaketa inguru jarri dizkiotela antzeko kasuengatik. Ostegunean Mendizorrotzako kiroldegian ekitaldia izango da hildako 31 urteko gaztearen omenez.
EITB Media
Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak behin-behinean espetxeratu du igande goizaldean Arabako hiriburuko dantzaleku baten atarian izandako heriotzarekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten atezaina. Homizidio edo hilketa delitua egotzi diote.
Ostegunean Mendizorrotzako kiroldegian ekitaldia izango da hildako 31 urteko gaztearen omenez.
Diskotekako 24 urteko atezaina igandean arduragabekeriazko homizidioa egotzita atxilotu zuten, baina instrukzio-epailearen ustez leporatu beharrekoak homizidio edota hilketa dira eta kartzelara bidali du.
Gizon handia da, eta EITBk galdetutako iturrien arabera, arte martzialetan aditua. Ez du aurrekari penalik, baina ikerketaren gertuko iturri horiek diote hamar salaketa inguru jarri dizkiotela antzeko kasuengatik.
Aurki epaituko dute lesio delitu batengatik, martxoaren 12an, Gasteizko bigarren auzitegian.
Ertzaintzak biktimari ustez emandako kolpea ikusi zuten lekukoen testigantzak hartu ditu, eta Mitika diskoteka inguruko kamerak aztertu ditu, irudi bila, baina, EITBk jakin du ez dagoela gertatutakoaren irudirik. Antza, kamera horiek ez zeuden diskotekaren sarrerara begira.
Gasteizko Bake kalean izan zen heriotza, 04:50 aldera, Mitika diskotekaren atarian, hain zuzen ere.
112 SOS Deiak larrialdi zerbitzuak abisua jaso zuen, ohartarazteko dantzaleku baten atarian gizon bat lurrean konortea galduta zegoela.
Itxuraz, atxilotutako atezainak emandako zartako baten eraginez erori zen mutila, eta buruan hartutako kolpearen ondorioz hil zen.
Ertzaintza eta osasun-zerbitzuak bertaratu ziren, eta gizona suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu, eta bertan hil zen.