Gizartea -

Drogen kontrako operazioa

EAE eta Kantabriako kostaldean kokaina kantitate handiak sartzen zituen talde kriminal bat desegin dute

13 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, Kantabrian, Madrilen, Malagan, Jaenen eta Salamancan. Gainera, 600 kilo kokaina (20 milioi euroko balioa), gama altuko hainbat ibilgailu (milioi bat eurotik gorako balioa) eta eskudirutan topatutako 70.000 euro inguru konfiskatu dituzte.

Konfiskatutako autoetako bat. Argazkia: Ertzaintza / Guardia Zibila.
Konfiskatutako autoetako bat. Argazkia: Ertzaintza / Guardia Zibila.

Kostaldean kokaina kantitate handiak sartzen zituen talde bat desegin dute Ertzaintzak eta Guardia Zibilak

0:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak drogarekin trafikatzen zuen talde kriminal bat desegin dute. Talde horrek Hego Amerikatik zetorren kokaina kopuru handiak sartzen zituen Kantauri itsasertzera, Espainiako Estatuan eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan deskargatzeko eta banatzeko gero.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ikerketak duela urte eta erdi hasi ziren. Bilboko Ertzain-etxeko Droga Taldeak estupefazienteen trafikoarekin lotutako ikerketa bat hasi zuen orduan, Bizkaiko kostaldeko hondartza batean hondartutako ontzi bat aurkitu ondoren. Osasun publikoaren aurkako delituengatik aurrekariak zituzten hiru pertsona identifikatu zituzten orduan hondartza horren inguruan.

Ertzaintzaren ikerketak Kantabriako Guardia Zibila egiten ari zen ikerketa batekin bat egin zuen, Laredoko portuan amarratuta zegoen belaontzi bat ikertzen ari baitziren bertan. Hala, bi kidegoen arteko informazio-truketik ondorioztatu zen erakunde kriminal bat zegoela atzean, batez ere Euskadin finkatutakoa, eta Jaenen, Madrilen eta Kantabrian besoak zituena.

Oharrak jasotzen duenez, talde hori arduratzen zen kokainaz betetako ontziak Hego Amerikatik Kantauri itsasertzera ekartzeaz, bertan deskargatu eta Espainiako Estatuan nahiz Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan zabaltzeko.

Horien arabera, erakundeko buruak (Bizkaiko udalerri bateko bizilaguna) zuzeneko harremana zuen Hego Amerikako pertsona batekin, eta hark egiten zituen bidalketak. Era berean, jakin zutenez, gainerako kideek eginkizun zehatzak betetzen zituzten sarean. Halaber, egiaztatu zen gama altuko ibilgailu-flota bat zutela substantziak garraiatzeko.

Atxiloketak eta konfiskatutako materiala

Egindako ikerketen ondorioz, 2024ko ekainean mugimendu susmagarriak behatu zituzten, Portugalera egindako zenbait joan-etorri, zehazki, bidalketen kokapena aldatu izana iradokitzen zutenak. Ondoren, abenduan, Portugalera bidaiatzen zuen autokarabana baten mugimendu susmagarriak antzeman zituzten. Hori dela eta, Ertzaintzak, Kantabriako Guardia Zibilaren Delinkuentzia Antolatuaren eta Drogaren Aurkako Taldearekin eta Salamancako Komandantziako unitateekin koordinatuta, zaintza-dispositibo bat ezarri zuen Espainiaren eta Portugalen arteko mugan, eta autokarabana geldiarazi zuten Espainiako gasolindegi batean.

Bilboko Ertzain-etxeko Droga Taldeko agenteek zerbitzugunea miatu zuten, eta ustez karabanaren aurretik joateko erabiltzen zuten zilindrada handiko ibilgailu batean, erakunde kriminaleko beste bi kide aurkitu zituzten, tartean taldeko liderra.

Autokarabanan sartzeko eta hura miatzeko agindua eskatu ondoren, 600 kilo kokaina aurkitu zituzten barruan, merkatuan 20 milioi euroko balioa izan zezakeena, eta hiru lagunak atxilotu eta EAEra eraman zituzten. Hainbat etxebizitza eta garaje miatu ondoren, gama altuko hainbat ibilgailu konfiskatu zituzten, denera milioi bat euro balio zutenak. Atxilotuak epailearen esku geratu ziren, eta hark espetxera bidali zituen, behin-behinean.

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, ordea, ikerketekin jarraitu zuten, talde osoa desegiteko helburuz, eta, horri esker, beste 10 pertsona atxilotu zituzten Bizkaian, Kantabrian, Madrilen, Malagan eta Jaenen.

Era berean, beste bost etxebizitza miatu, eta 70.000 euro inguru topatu zituzten, eskudirutan. Gainera, Madrilgo ezkutuko bi tailerretan esku hartu zuten, eta 10 auto, 4 furgoneta eta 2 atoitan, substantzia estupefazienteak garraiatzeko hondo bikoitzak fabrikatzen ari zirela ikusi zuten agenteek, eta aztertzen ari diren dokumentu ugari ere konfiskatu zituzten.

Desegindako talde kriminaleko kideek penintsularen ipar partean urtean sei tona kokaina baino gehiago mugitzeko gaitasuna zutela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak