Gizartea -
ISTRIPUA
Normaltasuna itzuli da Gasteizko errepideetara, goiz korapilatsu baten ostean
Ordu eta erdiko tartean gertatutako bi istripuren ondorioz, 5 kilometrorainoko auto ilarak sortu dira N-622 errepidean. 11:30erako, ordea, auto ilarak amaitu dira.
EITB MEDIA
Goiz korapilatsua izan da Gasteiz inguruko errepideetan, bata bestearen atzetik gertatu diren bi istripu tarteko.
Lehen istripua 07:30ak aldera gertatu da N-622 errepideko 5. kilometroan, Arabako hiriburuaren parean, eta A-1 errepiderako sarbidea itxi behar izan dute, Madrilerako noranzkoan.
Istripu horren ondorioz, gutxienez 5 kilometroko auto-ilarak sortu dira, eta puntako orduetan zirkulazioari eragin dio.
09:00etarako, ordea, auto ilarak amaitu dira.
Ez dira hor amaitu arazoak, ordea. Izan ere, 09:10ak aldera, hiru ibilgailuren arteko talka gertatu da N-622 errepidean, Gasteizen.
Istripuaren ondorioz, bi errei itxi behar izan dituzte eta 2 kilometrorainoko auto ilarak sortu dira.
Ibilgailuak erretiratu ondoren, trafikoa bere onera etorri da.