Gizartea -
Hilketa matxista
Gizon batek emaztea hil du Benalmadenan, seme-alaben aurrean
Ustezko hiltzailea delakoan atxilotu duten gizonak berak deitu du larrialdietara, etxean sua zutela esanez. Polizia iritsi denean, kanpoan aurkitu ditu gizona eta lau haurrak, eta barruan emakumea, hilotz. VioGen sisteman zegoen biktima duela hilabetetik, ofiziozko salaketa bat tarteko.
Agentziak | EITB Media
42 urteko gizon bat atxilotu dute Benalmadenan (Malaga) emaztea hil duelakoan seme-alaben aurrean.
Gizonak berak deitu du larrialdietara, etxean sua zutela esanez. Polizia iritsi denean, kanpoan aurkitu ditu gizona eta lau haurrak, eta barruan emakumea, hilotz.
Etxebizitza horretan bizi ziren senar-emazteak, bien hiru haurrak (adin txikikoak) eta emakumeak aurreko bikotekide batekin izandako semea (adinez nagusia).
Sugarrak itzalitakoan, agenteek etxebizitzaren barruan topatu dute 48 urteko emakumearen gorpua, itotze-seinaleekin, baina autopsiak zehaztuko du heriotza zerk eragin duen.
Ikerketa hastapenetan bada ere, lehen zantzuen arabera, baliteke aitak haurrei ere eraso egin izana, eta lehenago izandako genero-indarkeria gertakari posible bat ere ikertzen ari dira.
Espainiako Poliziak bere gain hartu du beharrezko eginbideen ardura, atxilotua epailearen esku utzi aurretik.
Urrunetik ere ikusgai ziren suak eragindako sugar handiak, eta hainbat bizilagunek ere deitu dute horren berri emateko. Sua itzaltzeko lanak amaitutakoan, zigilatu egin dute etxea.
Barne Ministerioaren VioGen sisteman zegoen biktima, baina ez zeukan babesik
Barne Ministerioak genero indarkeria kasuei jarraipena egiteko duen VioGen sisteman zegoen biktima duela hilabetetik, ofiziozko salaketa bat tarteko, baina ez zeukan babes-neurririk, kasua ez zegoelako aktibo.
EFE albiste-agentziari ikerketatik gertu dauden iturriek jakinarazi diotenez, salaketa ez zuen biktimak jarri, haren inguruko norbaitek baizik; gizarte zerbitzuetako langileren batek edo emakumea artatu duen sendagileren batek, akaso.