Gizartea -
Istripua
AP-8ko bi errei berriro ireki dituzte Deban, noranzko bakoitzeko bat, zisterna-kamioi bat irauli ondoren
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 18:30ean, errei bat ireki dute noranzko bakoitzean, "errei motela", "larunbat honetan erdibitzailea konpontzen amaitu arte". Horregatik, barruko erreiak itxita daude.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AP-8ko errei motelak berriro ireki dituzte arratsaldean Deba parean, noranzko bakoitzeko bat, goizean goiz zisterna-kamioi bat irauli ostean. Ondorioz, errepidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan, eta auto-ilara luzeak sortu dira N-634 errepidean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 18:30ean, errei bat ireki dute noranzko bakoitzean, "errei motela", "larunbat honetan erdibitzailea konpontzen amaitu arte". Horregatik, barruko erreiak itxita daude.
Istripua izan duen kamioia bidearen alde batera mugitu dute, kentzeko eta eramateko zain. Operazio "oso zaila" izan da, eta "koordinazio-lan handia" egin behar izan dute, "errepidera isuritako materiala sukoia baitzen".
Ildo horretan, foru erakundeak adierazi duenez, "segurtasun protokoloek ahalik eta arreta handiena eskatzen dute, eta ez diote zirkulazioa berrezarri erabateko segurtasuna bermatu arte".
Kamioiak istripua izan du Itziarko tunelaren irteeran, eta, ondorioz, AP-8 autobidea itxi behar izan dute. 12:30ean, launa kilometroko ilarak zeuden Bilboko eta Irunerako noranzkoetan. Gainera, trafikoa N-634tik bideratzen ari zirenez, ibilgailuak pilatu dira bertan, eta hainbat kilometrotako pilaketak sortu dira bigarren mailako errepide horretan ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak AP-8 autobidea ez erabiltzeko eta saihesteko gomendioa eman du.
Ezbeharra 08:00ak aldera gertatu da, kerosenoa zeraman zisterna-kamioi bat errepidetik atera eta irauli egin denean, Itziarko tunelaren irteeraren parean, AP-8 autobidean. Irunerako noranzkoan zihoan kamioia gurutzatuta geratu da, eta galtzadaren bi noranzkoei eragin die. Kamioilaria zauritu egin da eta Mendaroko Ospitalera eraman behar izan dute.
Beste hiru istripu AP-1ean, AP-68an eta A-8an
Debakoa ez da gaur gertatu den ezbehar bakarra. Gipuzkoan bertan, baina Bergara parean, hiru ibilgailuk talka egin dute AP-1ean. Ez da inor zauritu, baina errepidea itxi behar izan dute Gasteizko noranzkoan.
Araban, ibilgailu bat bidetik atera da AP-68an, Kuartango parean eta Bilboko noranzkoan. Autoa traba egiten geratu da ezkerreko erreian.
Azkenik, Bizkaian, bi autok istripua izan dute A-8an, Max Center parean (Barakaldo) eta Kantabriarako bidean. Ibilgailuek ezkerreko eta erdiko erreia oztopatu dute.