Gizartea -

Urte berriko ospakizuna

"Rave" handi batek milaka lagun bildu ditu Ciudad Realeko aireportu parean

Espainiako Poliziaren arabera, aurten 5.000 pertsona eta 1.500 ibilgailu baino gehiago bertaratu dira. Iazko edizioan, Big Fucking Partyk Errege egunera arte iraun zuen eta 8.000 lagun baino gehiago bildu zituen.

Festa Ciudad Realen. Argazkia: EFE
Festa Ciudad Realen
Makrojai batek milaka lagun bildu ditu Ciudad Realeko aireportuaren ondoan

0:33

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baimenik gabeko rave handi batek, Big Fucking Party 2025 izenekoa, milaka lagun bildu ditu (Espainiatik zein Europa osotik joandakoak) Ciudad Realeko aireportu parean dagoen industrialde batean.

Espainiako Poliziaren arabera, aurten 5.000 pertsona eta 1.500 ibilgailu baino gehiago bertaratu dira jaira.

David Broceño Espainiako Gobernuak Ciudad Realen duen ordezkariordeak jakinarazi duenez, ez dute eremua husteko asmorik, bildutako jendetza dela eta. "5.000 lagun bertatik ateratzea konplexua izan daiteke", azaldu du. Dena dela, argitu du "agindu judizialik balego" beteko luketela, baina euren asmoa "dena lasai joatea" dela nabarmenduta.

Broceñoren arabera, Ciudad Realeko aireportua kudeatzen duen enpresak, Ciudad Real International Airport (CRIA) konpainiak, salaketa jarri zuen atzo jaiaren antolatzaileen kontra, lurzorua legez kontra okupatzea egotzita.

Ravea Urtezaharrean hasi zen

Ricardo Chamorro Ciudad Realeko alkateordea eta Segurtasun zinegotziak gogorarazi duenez, iazko edizioa Fuente Alamoko (Murtzia) lursail batean izan zela, eta aurrekoa La Pezan (Granada), 8.000 lagun inguru bilduta.

Makrojaia abenduaren 31n hasi zen, Urtezaharrean. Milaka ibilgailuk A-43 autobidea, Ciudad Real Puertollanorekin lotzen duena, kolapsatu zuten, eta egoera ikusita, errepide hori ez erabiltzeko deia egin behar izan zuten Estatuko segurtasun indarrek.

Aurten Ciudad Realeko aireportuaren lurzorua aukeratu dute Big Fucking Party jaialdiaren antolatzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak