Gizartea -
Gabonetako loteria
40014ak, bigarren sariak, 3,75 milioi euro utzi ditu Bizkaian
Leioako Artea merkataritza-gunean serie bat saldu da eta beste horrenbeste zuten salgai Gernika-Lumon ere. Gabonetako loteriaren bigarren sariak 125.000 euro banatu ditu dezimo bakoitzeko (1.250.000 euro serieko).
EITB Media
40014 zenbakiarentzat izan da gabonetako loteriaren bigarren saria, eta loteria-administraziora bidalitako dezimo guztiak saldu direla baieztatzen bada, 3,75 milioi izan daitezke Bizkaian banatu dituenak. Gernika-Lumon, Leioan, Getxon eta Sestaon saldutako dezimo bakoitzak 125.000 euroko saria du, 1.250.000 euro serieak.
Artea merkataritza-guneak (Leioa) zenbaki horrekin bidali zioten seriea saldu duela baieztatu du, eta, beraz, 1.250.000 euro banatu ditu.
Gernika-Lumon, Artekale kaleko 1. administrazioak serie bat zuen saltzeko, baina ez dugu baieztatzerik izan saldu duten.
Bestalde, Sestaoko Vicente Blasco Ibañez kaleko 6. administrazioak zenbakiaren 9 dezimo zituen salgai, eta Getxoko Areeta auzoko Kale Nagusiko 3. administrazioak bat saldu du.