Gizartea -
GABONETAKO LOTERIA
Bosgarren sari batek (74778) 5,4 milioi euro utzi ditu Beasainen
Lehenengo bosgarren sariak (37876) ez du dirurik utzi Hego Euskal Herrian, baina bigarrenaren dezimoak saldu dira Leioan. Hirugarren bosgarren saria 74778ari egokitu zaio, eta Beasainen ez ezik, Donostian, Irunen, Zumarragan, Legazpin, Bilbon, Mendabian eta Iruñean ere saldu da.
eitb media
Gabonetako loteriak 09:16an eman du lehen saria, 60.000 euroko bosgarren sari bat. 37876 zenbakiari egokitu zaio, eta Hego Euskal Herrian ez da saldu. Elxen (Alacant) saldu da gehien, 140 serie, eta Tazarcorten (Santa Cruz Tenerifekoa) 45 serie saldu dira.
Geroago, 10:50 aldera, beste bosgarren sari bat iragarri dute, 72853 zenbakiari dagokiona, eta horrek utzi du dirua Euskal Herrian, Leioako Artea merkataritza-gunean saldu baita.
Hirugarren bosgarren saria 74778ari egokitu zaio, eta Beasainen, Donostian, Irunen, Zumarragan, Legazpin (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Mendabian eta Iruñean (Nafarroa) saldu dira 6.000na euroko saria duten dezimoak.
Beasaingo Jose Miguel Iturrioz kaleko 2. zenbakian dagoen administrazioan 90 serie inguru saldu dira, hau da, 5,4 milioi euro banatu ditu. Abuztuan hartu zuen administrazioaren ardura negozioaren jabeak, eta hilabete gutxi behar izan ditu bezeroen artean milioika euro banatzeko. Bertako anbulatorioko eta Arri kooperatibako langileen artean saldu omen dituzte dezimoetako batzuk.
Laugarren bosgarren saria 45456ari egokitu zaio, eta Las Palmasen, Granadan eta Bartzelonan saldu da.
Bosgarren bosgarren saria 45225 zenbakiak jaso du, eta osorik saldu da Madrilen, Gran Via kaleko 56. zenbakian dagoen administrazioan.
Seigarren bosgarren saria (97345) ere Madrilen saldu da osorik, Sagasta kaleko 8.ean.
Zazpigarren bosgarren saria 75143ari egokitu zaio, eta hori ere ez da Espainiako hiriburutik mugitu. Sepulveda kaleko 144.ean saldu dute.
Zortzigarren eta azken bosgarren sariak (60622) ez du saririk utzi Euskal Herrian.