Gizartea -
Euskararen Eguna
Hizkuntzaren "ehuntze ariketa guztion" ardura dela gogorarazi du Euskararen Nazioarteko Eguneko Manifestuak
Bilboko Euskalduna jauregian egin den ekitaldian ekintzailetzak eta boluntarioen lanak euskararen biziberritzean izan duen ekarpena aitortu nahi izan dute. Eneko Sagardoy aktoreak gidatu du ekitaldia.
EITB Media
Euskararen Nazioarteko Eguneko Manifestuak zera azpimarratu du: "euskararen ehuntze ariketa guztion ardura da. Erakunde publikoona eta gizarte eragileona. Ekina ezinbestekoa da. Euskarak mugimendua behar du, bere-berea duen bizia mantendu eta geroz eta biziagoa izateko; euskararen distirak aniztasunetik guztiok zipriztindu gaitzan. Euskara guztiona da. Hemen gauden eta etorriko diren guztiona. Irabaz dezagun elkarrekin euskararen bidea".
Bestalde, ohartarazi du "gizartearen ardura kolektiboa besterentzen ari den unean, taldetasuna eta ekintzailetza gero eta urrunago suertatzen ari zaizkigu, eta ehunean bada zulo bat, bete ezin duguna. Eskua ekinera iristen ez den ez-leku hori agertzen da gure begietan".
Horregatik, "hariz hari, hariak eta hariak batuz ekinean aritu izan garen herritar eta euskaltzaleak iragana bezainbat gara oraina. Euskara dugunak bezainbat oraindik ez dutenak. Euskararen aldekotasunak hizkuntza ezberdinak ditu, hiztun mota ezberdinak gara, eta guztiok osatzen dugu euskararen ehuna. Mugimenduan gabiltzanon ehuna", nabarmendu. Azkenik, azpimarratu duenez, "euskararen aldeko ekinek ehunka egun eta urtetan iraun dute geldialdirik gabe bidegile eta bidelagun ekintzaileei esker".
Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, EUDEL eta UEMA bat etorri dira aurtengo manifestuarekin. Bilboko Euskalduna jauregian egin den ekitaldian ekintzailetzak eta boluntarioen lanak euskararen biziberritzean izan duen ekarpena aitortu nahi izan da.
Eneko Sagardoy aktoreak gidatu du ekitaldia eta bideo eta abestien bidez, euskararen sustapenean norbanakoek egindako ekarpen txikitik gizataldeek duten eragina erakutsi da.
Ehuntze komunitate horretan oinarrituta, Imanol Pradales lehendakariak euskararen etorkizuneko bidea "elkarrekin" egitea aldarrikatu du: "zubiak behar ditu euskarak, komunitate sendo eta kohesionatu bat".
"Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, nire aitortza eta eskerrik beroena helarazi nahi dizuet, banaka zein taldean, euskararen alde konprometitu zareten guztioi. Egunez egun, gure hizkuntza ehundu duzuenoi", adierazi du lehendakariak.
Errealitatea zein den jakinda, Pradalesek euskararen arloan "jauzi kualitatiboa" eman behar dela onartu du eta euskararen erabilera areagotzean jarri du azpimarra.
Bestalde, ezagutza sustatzearen erronkaren gainean Ibone Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu duenez, "orain 15 urte, ez da horrenbesteko ikasle izan gure euskaltegietan". 34.000 ikasle baino gehiago daude gaur egun euskaltegietan, eta doakotasunerako politikek fruituak ematen ari direla nabarmendu du.