Gizartea -
Goialdeko depresioa
Langile bat hil da Valentzian, uholdeek kaltetutako ikastetxe bat garbitzen ari zela teilatua gainera erorita
Massanassako Lluis Vives ikastetxeko sabaiaren zati bat erori da, eta garbiketa lanak egiten ari zen behargin bat harrapatu du. Paco Comes Massanassako alkateak azaldu duenez, goialdeko depresioak astindu ondoren, "gorriz" nabarmenduta zegoen ikastetxea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Duela hilabete inguru Valentzian jasan zuten goialdeko depresioaren ondorioz kalte handiak dituen Lluis Vives ikastetxean garbiketa lanak egiten ari zen 51 urteko behargin bat hil da igande goizean Massanassa herrian (Valentzia), sabaiaren zati batek azpian harrapatuta, Polizia Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez. Gainera, 35 urteko langile bat zauritu da ezbeharraren ondorioz; hanka batean eta buruan egin omen ditu zauriak.
Polizia Nazionalak eta Valentziako Polizia Zientifikoak ikerketa abiatu dute, sabaia zergatik erori den argitzeko. Joanot Martorell kalean dagoen ikastetxean jazo da ezbeharra, Massanassan, Valentziako metropoli-eremuan.
Torrent eta Catarroja udalerrietako suhiltzaileak bertaratu dira, eta ikastetxea miatu dute, sabaia zergatik erori den argitzen saiatzeko. Duela 26 egun goi-geruzetako depresio isolatuaren ondorioz izan zen uholdeak kalteak eragin zituen bertan.
Psikologo talde bat ere bertaratu da, ezbeharra izan denean bertan ziren langile eta herritarrak artatzeko.
Carlos Mazon Generalitateko presidenteak premiazko bilera deitu du igande honetarako Tragsa enpresa publikoko eta Hezkuntza Kontseilaritzako langileekin; izan ere, Tragsa enpresako langileak dira hildakoa eta zauritua.
Ikastetxea "gorriz" nabarmenduta zegoen
Paco Comes Massanassako alkateak azaldu duenez, goi-depresioaren ondorioz kalte larriak jasan zituela-eta, "gorriz" nabarmenduta zegoen ikastetxea, eta, beraz, ziurrenik eraitsi eta berriro eraiki beharko dute. Teknikariak eraikinaren kanpoaldean ari ziren garbiketa-lanak egiten, eskola aurreko patioan.
"Horrelako gertaera batek lur jota utzi zaitu", esan du Comesek, eta istripuaren nondik norakoak ezagutzen ez dituen arren, eroritakoa kanpoaldean zegoen pasabide baten "forjatua" dela zehaztu du.
Ikastetxeak 50 urte beteko ditu 2024an, eta Lehen Hezkuntzako 450 ikasle baino gehiago ditu. Aurreikuspenen arabera, astelehenean bertan hasiko dira berriro eskolak ematen ikasle horiei Valentziako Unibertsitateko Irakasle Fakultate zaharrean.
Herriko gainerako ikastetxeei dagokienez, alkateak adierazi du Lluis Vives HLHIren ondoan dagoen beste eskola ere, Ausias March Haur Hezkuntzako Zentroa, "gorriz" katalogatuta eta itxita dagoela. Itunpeko bat eta institutu bat, berriz, egunerokotasunera itzuli dira, garbiketa-lanak bakarrik egin behar izan direlako.
Pilar Bernabe Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkaria Massanassara joan da istripua gertatu berritan, eta doluminak helarazi dizkie senide eta lagunei.
Bernabe komunikabideei adierazpenak egiten ari zela, hainbat bizilagunek "hiltzaileak", "Zenbat hildako gehiago nahi dituzue?" eta "Eman aurpegia Mazon, ez ezkutatu" esan diote oihuka, baita ikastetxetik gertu zeuden kazetariak eta poliziak iraindu ere.
Uholdeek astindutako herrietan 112 eraikinen egitura finkatu dute
Bestalde, Generalitatearen Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak jakitera eman duenez, urriaren 29ko goi-depresioak Valentziako hainbat herritan kaltetuta utzi zituen 112 eraikinen egiturak sendotu dituzte, badaezpada ere.
Hala jakinarazi dute agintariek igande honetan, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuaren (CECOPI) bileran. Hurrengo egunetan egiturak berrikusteko lanekin jarraituko dutela erabaki dute bilera horretan.
Bestalde, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak lohia garbitzeko lanetan kontuan hartu beharreko osasun-gomendioak eman ditu. Hala, lixiba 1/10 proportzioan erabiltzeko gomendatu dute (lixiba tapoi bat litroko) objektuak, hormak, zoruak eta sabaia garbitzeko.
Lixiba erabilita larruazalean arazorik ez izateko, eskularruak eta betaurrekoak erabiltzeko ere gomendatu dute, eta lixiba beste garbiketa-produktu batzuekin (amoniakoa, salfumana, ozpina) ez nahasteko eskatu dute, lurrun toxikoak sortzeko arriskua baitago.
Gainera, edateko botilako ura erabiltzen jarraitzeko gomendatu dute, bai kontsumitzeko, bai janaria prestatzeko.
Sanchez eta Feijooren mezuak hildakoaren familiari
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "maitasuna eta elkartasuna" adierazi die hildako langilearen senide, lagun eta lankideei. "Eskerrak eman nahi dizkiet errekuperazio lanetan etenik gabe murgilduta dauden guztiei. Euren jarduera eta jarrera dira zerbitzu publikoaren adibiderik onena", esan du X sare sozialean argitaratu duen tako mezu batean.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea ere "hunkituta" agertu da langilearen heriotzagatik. "Hunkituta nago Massanassan suntsitutako eskola bat berreskuratzen ari zen langile bat hil delako. Nire maitasuna helarazi nahi diet haren senide eta lankideei. Mazon presidenteak deitu dit istripuaren berri emateko. Nire esker ona eman nahi diet berreraikuntzan buru-belarri jarraitzen duten guztiei", adierazi du X sarean duen kontu pertsonalean.