Gizartea -

Eguraldia

Haize denboraleak ia 350 gorabehera eragin ditu, gehienak Gipuzkoan

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Gipuzkoan izan da intzidentzia gehien, 215; Bizkaian 72 izan dira eta Araban 12. SOS Nafarroaren arabera, haizearekin lotutako 45 gertakari izan dira goizean, eta Lapurdin milaka etxe argirik gabe egon dira. Alerta laranja amaituta, abisu horia dago indarrean.

AP-8a Deban. Argazkia: EITB
AP-8a Deban. Argazkia: EITB
Haizeagatik ezarritako alerta laranjak intzidentzia ugari eragin ditu Hego Euskal Herrian

0:38

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15:00etan amaitu da haize gogorragatik 06:00etatik indarrean egon den alerta laranja. Hala ere, abisu horia jarri dute indarrean, asteleheneko 06:00ak arte. 

Euskalmetek jakinarazi duenez, aurreikuspenak bete dira; izan ere, 133 km/h-ko haize-ufadak neurtu dituzte Zarautzen, 124 km/h-koak Matxitxakon, eta 120 km/h-koak Zizurkilen. Ez dira atzean geratu Lezo (115 km/h), Urduña (102 km/h) eta Donostia (92 km/h). Hori haizeguneei dagokienez, baina haizegune ez direnetan ere gogor ibili da haizea; Zizurkilen (104 km/h), Asparrenan (96 km/h), Agurainen (78 km/h) eta Derion (77 km/h), adibidez.

Zuhaitz bat erorita Lizarkolako kanalean. Argazkia: Enekoitz Telleria Sarriegi

Zuhaitz bat erorita, Lizarkolako kanalean. Argazkia: Enekoitz Telleria Sarriegi

Ufada gogor eta etengabeek gorabehera ugari sortu dituzte Euskal Herriaren luze-zabalean. 

Segurtasun Sailaren esanetan, Gipuzkoan izan da intzidentzia gehien, 215; Bizkaian, berriz, 72 izan dira, eta Araban, 12. SOS Nafarroaren arabera, haizearekin lotutako 45 gertakari izan dira goizean.  

Donostia

Gabonetako zuhaitz bat bota du haizeak Donostian. Argazkia: Pako Kastellanos

Ipar Euskal Herriari dagokionez, igande goizean argindarrik gabe geratu dira Lapurdi hegoaldean. Enedis argindar enpresak jakinarazi duenez, haizeak eragindako "gertakari bat" izan da, eta, ondorioz, argindarrik gabe geratu dira hamaika udalerri: Donibane Lohizune, Azkaine, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Biriatu, besteak beste. Ordubete inguruko itzalaldiaren ostean, pixkanaka eta eremuz eremu joan dira argindar zerbitzua lehengoratzen. 

Deban, zuhaitz bat erori da AP-8 autobidean, eta zirkulazioa guztiz eten dute Irungo noranzkoan. Horren eraginez, Elgoibarko irteera ere itxi dute bi noranzkoetan, eta trafikoa N-634 errepidetik bideratu dute. Behin zuhaitza erretiratuta, errepidea itxita izan dute 15:00ak arte, alerta laranja amaitu arte. 

Haizeak gogor jo du Andoain

Haize ufada gogorrak izan dira Andoainen. Argazkia: Garbiñe Etxezarreta Apaolaza

Gipuzkoan bertan, Andoainen, N-1eko errei bat itxi behar izan dute, Donostiako noranzkoan, zuhaitz bat erori baita, baina bertatik kendu bezain pronto ireki dute. Udalerri horretan bertan, haizeak frontoiaren teilatua bota du, baina ez da inor zauritu, Segurtasun Sailaren arabera, eta kiroldegian haizeak leiho bat hautsi du, Euskal Herriko eskubaloi selekzioa jokatzen ari zela.

Andoain

Haizeak gogor jo du Andoainen. Argazkia: Andoaingo Udala.

Luiziak izan dira Azkoitia eta Zumarraga artean eta GI-631 errepidean Antzuolan; zuhaitzak eta adarrak erori ostean, N-634a itxi dute Elgoibarren, Eibarrera bidean, eta errei bat Aginagan, Usurbilera bidean.

Getxon, lurrera eroritako arbola bat erretiratu dute suhiltzaileek gauean, eta zenbait hegaldi bertan behera geratu dira Loiun eta Hondarribian: 07:20ko Loiu-Sevilla, 07:30eko Madril-Hondarribia eta 09:20ko Hondarribia-Madril.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa