Gizartea -
Spam deiak
'Spam' telefono-deien aurkako borrokak aurrera darrai
Dei komertzialak baimenik izan gabe egitea debekatzen duen legea indarrean badago ere, nahi ez ditugun merkataritza-deiak ugaritu egin dira azken aldian. Hala ere, baliteke praktika desatsegin honen bukaera gertu egotea, Espainiako Gobernuak neurri berriak iragarri baititu.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
2023ko ekainean sartu zen indarrean enpresei eskatu gabeko merkataritza-deiak egitea debekatzen dien Telekomunikazioen Lege Orokorraren xedapena. Lege horren 66. artikuluan argi esaten da erabiltzaileak eskubidea duela "aldez aurretik baimena eman ezean, merkataritza-komunikaziorako deiak ez jasotzeko".
Hala ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi duenez, udan 4 mila lagunen artean egin zuen inkestako datuek erakusten dutenez, kontsumitzaileen % 98k nahi ez dituen dei komertzialak jasotzen jarraitzen du. Are gehiago, inkestaren arabera, nahi ez diren merkataritza-deiak jaso dituztela dioten kontsumitzaileen kopurua puntu eta erdi igo da aurreko urtearekin alderatuta (2023an, % 96,6koa zen).
Telekomunikazioei, elektrizitateari, aseguruei, finantza-produktuei eta abarri buruz eskaintzak egiten dituzten deiak izaten dira gehienetan. Eta horri, gainera, isilean geratzen diren deiak edota erabiltzailearen curriculum vitaea jasotzen dutela diotenak gehitu behar zaizkio.
Arauak indarrean daraman urtean iruzur telematikoekin zerikusia duten salaketak ere ugaritu egin dira. Espainiako Gobernuaren datuei erreparatuz, Zibersegurtasunerako Institutu Nazionalaren (Incibe) 017 telefonoan jasotzen diren hiru deitik batek telefono, SMS edo posta elektroniko bidez egindako iruzurrekin du zerikusia.
Beraz, esan daiteke legeak, bere horretan, ez dituela spam deiak saihestu. Horren arrazoiak bi dira, nagusiki, Mikel Romano Facua Euskadi kontsumitzaileen elkarteko kidearentzat:
Lehenengoa nahi gabe emandako baimenak dira. Sustapen-akordioetan edota zerbitzuak kontratatzean, merkataritza-deiak ahalbidetzen dituzten klausulak sartzen dituzte enpresa askok. Erabiltzaile gehienek ez dituzte kontratu horiek zehatz-mehatz irakurtzen, eta, beraz, ez dira jabetzen baimen hori ematen ari direnik.
Bigarren arrazoia da, ez dela delitu hauen jarraipen zehatzik egiten eta legea urratzen dutenei ez zaiela zigorrik jartzen edo zigor oso arinak jasotzen dituztela. Hala bada, enpresa handiei errentagarria egiten zaie kontratu berriak lortzeko deitzen jarraitzea.
Telekomunikazioen Legeak merkataritza deiekin eta iruzurrarekin amaitzea lortu ez duenez, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak neurri-sorta berri bat indarrean jarriko duela iragarri du.
Facua Euskadirentzat neurriak interesgarriak dira. Hain zuzen ere, Finlandian ezarritako sisteman oinarritutakoak dira eta han jaso nahi ez diren dei horiek % 90 murriztea lortu dute. Hala ere, ez direla nahikoa izango uste du.
Romanoren hitzetan, dei horien atzean negozio handi bat dago eta enpresa handiei kontratuak salduz aberasten ari diren bitartekari ugari daude. "Negozioa errentagarria den bitartean, zaila izango da deiak desagertzea", esan du. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaie legea betetzen ez duten enpresa horiei guztiei zigor handiagoak aplikatzea; baita kontratu guztietan erabiltzaileak deia eskatu duela edo berak deitu duela dioen klausula bat sartzea ere.
Oscar Lopez ministroak iragarritako neurriak hurrengo aste edo hilabeteetan ezarriko direla espero da. Bien bitartean, erabiltzaile bakoitzak bere neurri propioak har ditzake; hala nola, spam deiak egiten dituzten zenbakiak blokeatzea Truecaller bezalako aplikazioekin edota nahi ez diren hartzaileak blokeatzea ahalbidetzen duen Robinson zerrendan izena ematea. Halaber, Facua Euskadik salaketak jartzearen alde egiten du eta plataforma bat garatu du erabiltzaileei bide horretan laguntzeko.