Gizartea -
Sutea
10 pertsona hil dira Zaragozako adinekoen egoitza batean piztu den sutean
Sua Villafranca de Ebro udalerriko egoitzako logeletako batean hasi omen da, 05:00ak aldera, zigarro batek eraginda seguruenez. Ke handia sortu da, eta, dirudienez, kea arnastuta hil dira egoiliarrak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 10 pertsona hil dira Villafranca de Ebroko (Zaragoza) adinekoen egoitzan izan den sutean.
05:00ak aldera piztu da sua, egoitzako logeletako batean. Ordu horretan, 80 egoiliar eta 2 langile zeuden bertan, eta azken horiek eman diete abisua larrialdi zerbitzuei. Onik atera diren pertsonak ere eurek atera dituzte.
Litekeena da zigarro batek piztu izana sua, eta sutearen ondorioz, ke handia sortu da, eta egoitzatik barreiatu da, dena betetzeraino.
Hain justu, kea arnastuta hil omen dira biktimak, intoxikatuta, hori autopsiek berretsi beharko badute ere.
Bi lagun larri eraman dituzte Royo Villanova erietxera. Horietako batek, 65 urteko gizonezko batek, ZIUn jarraitzen du, larri baina egonkor. Bestea, 72 urteko gizon bat, Larrialdietan sartu dute hasieran, baina gela arrunt batera igo dute arratsaldean.
Zaragozako bi parkeetako suhiltzaileak, Guardia Zibila, Babes Zibileko boluntarioak, psikologo talde bat, gizarte langileak eta 061 telefono zenbakiko osasun profesionalak eta Alfaringo eta Fuentes de Ebroko osasun-etxeetako medikuak bertaratu dira sutea gertatu den egoitzara. Roberto Bermudez de Castro Aragoiko Gobernuko Barne kontseilaria eta Jorge Azcon presidentea ere izan dira bertan.
Aragoiko Gobernuak dolu egun bat ezarri du zorigaiztoko suteagatik. Bihar, larunbata, egingo dute.
"Ke handia zegoen"
Volga Ramirez Villafranca de Ebroko alkatearen arabera, goizaldean egoitzara heldu denean, onik ziren egoiliarrak eraikinetik kanpo zeuden. "Garrak baino, kea zegoen. Ezin zen arnasarik hartu", azaldu du, eta erantsi duenez, "zorionez" sutea hasi den logelak "segurtasun ate bat zuen", eta horri esker ez da zorigaitz handiagoa izan.
Ramirez atsekabetuta azaldu da egoiliarrak ezagunak zituelako, herrikideak. "Adineko jendeaz gain, 25 urteko pertsonak ere badaude, buruko osasun arazoekin. Bueltatxo bat egin ohi dute herritik, eta denak ezagutzen ditugu", argitu du.
Egoiliarrak Huescako beste egoitza batera eramango dituzte behin-behinean; izan ere, eraikinaren egituraren inguruko txosten teknikoen zain daude. "Udaleko arkitektoak zer esango zain gaude", zehaztu du.
Aragoiko Gobernuak bertan behera utzi ditu gaurko zituen ekitaldi guztiak, eta telefono zenbaki bat jarri du biktimen senideak artatzeko: 976 715 980. Udaletxean ere, beste arretagune bat paratu dute. Aragoiko Gorteetan ere gaur ez da jardunik izan.
Adineko egoitza batean izandako suterik larriena
Egoitza solairu bakarreko eraikina da, eta Villafranca de Ebro udalerriko kanpoaldean dago. Herri txikia da, 800 biztanlekoa, eta Zaragozatik 30 kilometrora dago.
Gaurkoa mende honetan adineko egoitza batean izandako suterik larriena da.