Gizartea -

Denboralea

Andaluzia, Valentzia eta Katalunia normaltasuna berreskuratzen hasi dira, goialdeko depresioa atzean utzita

Kalte handiagoak saihesteko asteazkenetik herritarrak ohartarazita, Espainiako Estatuak 15 egunetan astindu duen bigarren borraska aldentzen ari da hildakorik utzi gabe, baina milaka pertsona etxetik kanpo daude oraindik, eta Valentzian garbiketa lanak moteldu ditu.

Gizon bat, Guadiaro ibaiari begira, Cadizen. Argazkia: EFE
Gizon bat, Guadiaro ibaiari begira, Cadizen. Argazkia: EFE
Gizon bat, Guadiaro ibaiari begira, Cadizen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko hegoaldea eta ekialdea astindu dituen goi-geruzetako depresio isolatuaren okerrena, azken orduetan kalte handiak, erreskateak eta uholdeak eragin dituena, pasa dela dirudi. Horrela, Andaluzia, Katalunia eta Valentzia ekaitza atzean uzten ari dira.

Asteazkenetik herritarrak ohartarazita, kalte handiagoak saihesteko, Espainia 15 egunetan astindu duen bigarren depresioa aldentzen ari da, hildakorik utzi gabe, baina milaka pertsona etxetik kanpo daude oraindik, eta Valentzian garbiketa lanak moteldu egin ditu.

Andaluzian denboralearen azken orduak jasaten ari dira, biktimarik gabe, baina oraindik milaka pertsona etxetik kanpo daude, batez ere Malagan. Huelva probintzian jarri dute arreta orain, euriagatik abisu laranja jarri baitute bertan.

Kalteak zenbatzeko, lokatza garbitzeko eta ibai batzuen emariari adi begiratzeko eguna izan da, Malagan Guadiaro eta Guadalhorce ibaiak gainezka egiteko arriskua zegoen zaintzeko.

Malagako probintziak, bigarren depresio honen epizentroak, 08:00ak baino lehentxeago indargabetu du abisu gorria. Hala ere, 3.000 pertsona baino gehiago ez dira oraindik etxera itzuliko, badaezpada.

Arreta Andaluziako mendebaldean jarrita dute orain, Cadiz, Huelva eta Sevilla probintzietan, abisu laranjak izan baitituzte bertan, baina horira pasatu dira jada, Huelvan izan ezik.

Eguneko arazo nagusiak Cadizko Campo de Gibraltar eskualdean izan dira, bereziki Jimena de la Frontera udalerrian. Bertan, hainbat etxebizitza hustu eta harrapatuta geratu diren pertsonak erreskatatu behar izan dituzte, batzuk teilatuetan babestu ostean.

Malagak normaltasuna berreskuratu du

Malagak normaltasuna berreskuratu du, abisu gorria bertan behera geratu ostean. Hala ere, beste edozein lanegunetan baino jarduera eta joan-etorri gutxiago izan dira, probintzia osoko ikastetxeetan ez baita eskolarik egon.

Malagako Udalak erabat indargabetu du Larrialdi Plana, eta garraio publikoa normaltasunera itzuli da pixkanaka, baina lanean jarraitzen dute hainbat errepidetan, garbiketa eta konponketa lanak egiten.

Hiriak azkar berreskuratu du bere jarduera, turistak kaleetara itzuli dira eta saltoki txikiak irekitzen hasi dira.

Malagako alkate Francisco de la Torrek gaur azpimarratu duenez, beharrezkoa da Campanillas ibaia bideratzeko proiektu bat eta Grande ibaiaren emaria kontrolatzeko azpiegitura bat eraikitzea, Malagako hiriburuan izandako uholdeen ostean.

Malagako aireportua normaltasunez ari da lanean, asteazkenean itxi behar izan bazuten ere. 17 hegaldi bertan behera geratu ziren, eta 5 Sevillara desbideratu behar izan zituzten.

Era berean, Renfek Malagako abiadura handiko zerbitzuak berrezarri ditu 10:30ean.

Malagako Benamargosa herria (1.000 biztanle inguru ditu) asteazkenean ekaitzaren epizentroa izan zen uholdeen ondorioz. Kaleak estali dituen lokatza garbitzeko lanean ari dira orain bertan.

Ekaitzak "kalte handiak" eragin ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan, batez ere Axarquian eta Guadalhorce haranean; izan ere, euriteek eta uholdeek "laboreak eta ureztatzeko sistemak suntsitu dituzte", Asaja sindikatuak jakitera eman duenez.

Turia ibaia, Valentzian. Argazkia: EFE

Eskolak eta tren-zerbitzua itzuli dira

Ekaitzaren ostean, Andaluziak eskola-jarduera osoari helduko dio berriro ostiral honetan, baita unibertsitateetan ere, 5 probintzietan egun bat edo bi eten ostean.

Valentziako ikastetxeek ere (La Torre eta Horno de Alcedokoak izan ezik), ateak zabalduko dituzte berriro ostiral honetan.

Bestalde, Renfek ohar baten bidez jakitera eman duenez, tren-zerbitzua berreskuratu du linea guztietan Tarragonan, asteazkenean izandako euriteengatik zirkulazioa eten ostean.

10:15ean Bartzelona eta Valentzia arteko zerbitzua berreskuratu da Euromed eta Intercity trenekin, eta Bartzelona eta Malaga arteko abiadura handiko trenaren zirkulazioa ere 10:30ean berrezarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Katalunia Espainia Denboraleak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa