Gizartea -

zaparrada mardulak

Hainbat ibaik gainezka egin eta uholdeak eragin dituzte Malagan, eta Valentzia berriro alerta gorrian dago

Malagan, osasun zentro asko itxi eta milaka herritar etxetik atera behar izan dituzte. Gainera, Espainiako Meteorologia Agentziak maila gorrira igo du Valentziako probintziaren kostaldean 21:00etatik ostegun eguerdira arte egingo duen euriteengatiko abisua.

Estoldak zabalik Malagako Campanillas auzoan. Argazkia: EFE
Estoldak zabalik Malagako Campanillas auzoan. Argazkia: EFE
Malaga hiriburuko kaleak, dendak eta ospitaleak urak hartu ditu

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri-jasengatik abisu gorria (muturreko arriskua) dago indarrean Malagako Axarquia eta Costa del Sol eta Guadalhorce eskualdeetan osteguneko 08:00ak arte. Era berean, Espainiako Meteorologia Agentziak maila gorrira igo du Valentziako probintziaren iparraldeko eta hegoaldeko kostaldean 21:00etatik ostegun eguerdira arte egingo duen euriteengatiko abisua. Ordubetean 40 l/m2 eta 12 orduan 180 l/m2 pila daitezke.

Handik gutxira, Valentziako Generalitateko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Es-Alert babes zibileko alerta bidali du mugikorretara. Gainera, jakinarazi da bertan behera geratu direla hezkuntza, kirol eta eguneko zentroetako jarduerak. Mezua 19:45 aldera bidali zaie euriteengatik alerta gorria duten herrieetako bizilagunei.

Valentziako Udalak azpiko pasabideak ixteko agindua eman du Aemetek ezarritako alertaren ondorioz. Egoera horren aurrean, etxetik ez ateratzeko eskatu die herritarrei.

Kataluniako Generalitateak, ostera, jaitsi egin ditu euriteengatiko abisuak hurrengo orduei begira, baina kontu handiz ibiltzeko eskatu du ostegun honetan, zenbait tokitan pilatutako euriagatik. Hala ere, Tarragonako eskualdeetako mugikortasuna bere onera bueltatuko da, eta eskolak emango dituzte berriro.

Zer ari da gertatzen Mediterraneoan?
Zer ari da gertatzen Mediterraneoan?
Zer ari da gertatzen Mediterraneoan?

0:49

Malagan, azken orduetako euri-jasek 140 litro baino gehiago utzi dituzte jada hiriburuan eta Axarquia eskualdeko zenbait puntutan, hala nola Alfarnatejo udalerrian, eta ia 120 litro Coin herrian, Guadalhorce haranean.

Badaezpadako neurri gisa, herritar ugari etxeetatik atera dituzte, eta eskolak bertan behera geratu dira lehen eta bigarren hezkuntza eta unibertsitatean. Utzarazteak Malaga hiriburuan, eta Alora, Cartama, Alhaurin de la Torre, Pizarra eta Benalmadena herrian egin dituzte.

Malagako Udalak jakinarazi duenez, Campanillas ibaiaren erriberan dauden etxebizitzak hustu dituzte, ibaiak gainezka egin dezake eta. Udalak kiroldegi bat prestatu du biztanle horiek guztiak hartzeko, eta gauean 30 bat lagun izan dira bertan lotan. 

Bart, 3.000 bat lagun etxeetatik atera dituzte —guztira, mila bat bizileku hustu dituzte— Guadalhorce eskualdean (Malaga). 

Benalmadenan, Dos Marcos auzoan, horma bat behera etorri da eta 15 lagun atera dituzte bertatik. Gainera, tornado batek gasolindegi baten kanpoko egitura bota du La Noria inguruan, Mijas herrian.

Gainerakoan, hainbat errepide itxita daude, Malaga eta Sevilla arteko tren zerbitzua etenda dago, eta Malagako metro zerbitzua mugatu dute uholdeak izan daitezkeen lekuetan. Renfek bertan behera utzi du Madril eta Malaga lotzen dituen abiadura handiko tren zerbitzua, Antequera eta Malaga artean.

Malaga-Guadalhorce barrutiko osasun-zentroek ateak itxi dituzte egoerak okerrera egin duelako, eta larrialdietarako zerbitzua besterik ez dago irekita, Andaluziako Gobernuak jakitera eman duenez.

Era berean, urak Malagako Ospitale Klinikoa hartu du, eta, horregatik, zentroak jakinarazi du larrialdiak bakarrik artatuko dituztela. Gehien kaltetutako eremuak Analisi Klinikoko Laborategia eta aparkalekua dira.

Malagako kaleak. Argazkia: EFE

Casabermejako Udalak jakinarazi duenez, Guadalmedina ibaiaren ur-goraldia dela eta, ibaiak gainezka egin du eta urak zubia hartu du.

Velez ibaiak gainezka egin du bokalean, eta, ondorioz, Torre del Marreko bi kanpin eta txabola herrixka bat hustu behar izan dituzte, Velez-Malaga udalerrian. Gutxienez 450 pertsonari eragin die horrek, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Velez ibaiaren bokalea. Argazkia: EFE

Uholdeak inguruko soroak urez bete ditu, eta horrek zerikusia du ibai horren ibaiadarretako baten (Benamargosa) emariarekin, bai eta inguruko errekakoekin ere.

Dirudienez, Benamargosa ibaiak gainezka egin du Comares herrian dagoen uharkatik datorren emari handiagatik.

Bestalde, Adifek jakinarazi du Valentzia-Bartzelona linearen zirkulazioa etenda dagoela Castello de la Plana eta Cambrils artean, bertako baldintza meteorologikoengatik.

Abisu laranja Granadan eta Castellon

Goizean zehar, abisu laranjapean (arrisku handia) izan dira Mallorca, Eivissa, Formentera (Balearretan), Alacant, Valentzia eta Castello (Valentziako Erkidegoa) eta Granada (Andaluzia). Dena dela, Granadan eta Castellon bakarrik egon dira indarrean abisuok egun osoan. 

Mallorcan eta Castellon uholde txikiak izan dira, baina, gainerakoan, ez da kalteen berri eman. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Alerta meteorologikoak Espainia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Valentziako Erkidegoa