Gizartea -
Goialdeko depresioa
Generalitatea uholdeen aurrean "geldirik" geratu zela salatu duen herritar baten errekurtsoa onartu dute
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko legearen arabera, Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak espediente administratiboak erreklamatzea erabaki du.
Agentziak | EITB MEDIA
Norbanako batek errekurtsoa aurkeztu du Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, argudiatuta Generalitatea eta Segurtasun eta Larrialdietarako Agentzia urriaren 29ko uholdeen aurrean "geldi" egon zirela. Auzitegiak tramitera onartu du errekurtsoa.
Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak arratsaldean jakinarazi duenez, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Sekzioak dekretua eman du norbanako batek Valentziako Generalitateko Presidentetzaren eta Segurtasun eta Larrialdietarako Agentziaren aurka aurkeztutako errekurtsoa izapidetzea onartzeko.
Hala, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren legearen arabera, auzitegiak arduradunei espediente administratiboak erreklamatzea erabaki du.
Auzitegi berak elkarte batek jarritako antzeko salaketa bat igorri zion Auzitegi Gorenari asteazkenean, Espainiako Gobernuak goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako uholdeen aurrean izandako "geldotasunagatik".
Auzitegi Nagusiak atzera bota zituen eskatutako kautelazko neurriak, eta errekurtso hori ezagutzeko eskumenik ez duela erabaki zuen auto batean, Gorena baita organo eskuduna, fiskalak adierazi zuen bezala.