Gizartea -
POLIZIA NAZIONALA
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, hilketa saiakera eta indarkeriaz egindako lapurreta egotzita
Atxilotua Bizkaian ezkutatu zen ia hiru hilabetez, urriaren 17an atxilotu zuten arte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Polizia Nazionalak Barakaldon (Bizkaia) atxilotu du Madrilen huts egindako giza hilketaren eta indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretaren ustezko egilea. Ia hiru hilabetez, erreklamazio judiziala indarrean izan arren, atxilotua Bizkaian ezkutatu zen, Polizia Nazionalaren eta Udaltzaingoaren laguntzari esker aurkitu zuten arte.
Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez, gertakaria joan den uztailean jazo zen, Madrilen. Ustez, atxilotuak, indarkeriaz egindako lapurreta batean, biktimari zortzi labankada eman zizkion, arma zuriz.
Ordutik, Madriletik ihes eginda egon zen, Bizkaiko Ezkerraldeko hainbat tokitan ezkutata, baina, orain dela egun batzuk Barakaldon indarrez lapurreta bat egin ostean, eta Espainiako Poliziaren eta Bizkaiko udalerriko Udaltzaingoaren arteko elkarlanari esker, aurkitu eta urriaren 17an atxilotu zuten.
Atxilotua Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten, eta horrek, gertaeren larritasuna dela eta, fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen, epaiketaren zain.