Gizartea -
Goialdeko borraska
Milaka boluntario elkartu dira Valentzian garbiketa lanetan parte hartzeko
Arteen eta Zientzien Hirian zuten hitzordua. Lehenengo 2.500 boluntarioak lanean daude jada. Generalitateak datozen egunetan bertaratzeko eskatu die gainerako boluntarioei. Hildakoen balantzea 211ra igo da.
agentziak | eitb media
Elkartasun oldeak bat egin du Valentziako Arteen eta Zientzien Hirian gaur goizean, 07:00ak aldera, Generalitateak deituta, milaka boluntario elkartu baitira modu antolatuan Valentziako eremu kaltetuenetara autobusetan joateko.
Palak, eskuilak, ontziak eta ur litroak soinean, ilaran jarri dira Sedavira, Alfalarrera, Catarrojara eta beste herri batzuetan laguntzeko.
Lehenengo 2.500 boluntarioak, 50 autobusetan banatuta, jada joan dira denboraleak gehien kaltetutako eremuetara, garbiketa eta logistika lanetan laguntzera bereziki.
Dena dela, euren kabuz laguntzera hara eta hona joan diren boluntarioak ere badaude.
Txandak beteta
Valentziako generalitateak, beraz, jada antolatu du lehenengo eguneko boluntarioen banaketa, eta gainerakoei eskatu die datozen egunetan bertaratzeko, lanekin jarraitzeko.
Komunikatu batean zabaldu duenez, lantaldeak modu eraginkorrean antolatzeko, boluntarioak modu mailakatuan bertaratu behar dira Arteen eta Zientzien Hirian.
Sanchezek 5.000 militar gehiago eta beste 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko ditu Valentziara
211 hildako
Aurreko asteartean Valentziako Erkidegoa jo zuen goialdeko borraskak, Espainiaren historian izan den gogorrenetako batek, irudi tristea utzi du: 211 hildako oraingoz, eta desagertu ugari.
Desagertuen inguruan, hedabide batzuk 2.000 izan daitezkeela zabaldu dute. Dena den, 112an desagerpenen berri eman zutenetako askok aurkitu dituzte pertsona horiek, eta ez dago datu ofizialik.
Mugikortasuna mugatu dute bi egunez
Generalitatearen Aldizkari Ofizialak argitaratu du jada ibilgailuen mugikortasuna mugatzen duen agindua, Valentziako eremu kaltetuenetara irisgarritasuna bermatzeko hartutako neurria. Igandeko gauerdira arte egongo da indarrean.
Salbuespen batzuk ezarri ditu Generalitateak, tartean osasun zentroetara, lanera, etxera eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzera joateko.