Gizartea -

GOIALDEKO BORRASKA

Goialdeko borraskaren kronologia: AEMETen alarma gorritik Valentziako telefonoetara abisua igorri arte

Hondamendiaren ondoren polemika piztu da agintarien kudeaketaren inguruan. AEMETek alarma gorria ezarri zuenetik Valentziako eskuko telefonoetara Babes Zibilaren mezua igorri zuten arte 12 ordu igaro ziren. Halaber, Valentziako Generalitateari Larrialdietarako Unitatea kendu izana aurpegiratu diote.

Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goi-geruzetako depresio isolatuak (goialdeko borraska eta GOIDI izenez ere ezaguna) Valentziako Erkidegoan eta Gaztela-Mantxan eragindako hondamendiaren ondotik, polemika piztu da agintarien kudeaketaren inguruan. Oraindik ere hainbat galdera erantzun gabe daude.

Urriaren 29ko kronologia

07:31: AEMETek alarma gorria ezarri zuen Valentziako probintzian, eta 07:42an bigarren abisu bat hegoaldeko udalerrietan.

09:48: iparraldera zabaldu zuen alarma gorria AEMETek. Kolore horrek "muturreko arrisku meteorologikoa" adierazten du, eta ez bidaiatzea gomendatzen du, nahitaezkoa denean salbu.

11:55: Valentziako hegoaldeko sakanek gainez egiteko zuten arriskuaz ohartarazi zuen Jucarreko Ur Konfederazioak.

13:00: Valentziako Generalitateko presidente Carlos Mazonek prentsaurrekoan ziurtatu zuen 18:00ak aldera indarra galduko zuela denboraleak, "Cuencako mendilerroan izan ezik".

14:00: Valentziako Larrialdien Koordinaziorako Zentroak La Plana, Utiel eta Requena jo zituen arretagune. Etxebizitzetatik berehala ateratzeko, eta derrigorra izan ezean, ibilgailurik ez erabiltzeko eskatu zien bizilagunei.

15:00: Valentziako Generalitateak alerta bigarren mailara igo zuen hiru eskualdeotan: Utiel, Requena eta La Plana. Urak hartuta zeuden, eta Utielen sartzea edo handik irtetea ezinezkoa zen. Behe solairuetan urak gainez egin zuen.

17:00: koordinazio operatibo integralerako zentroa martxan jarri zuten, krisiari nolabait aurre egiteko.

19:00: Torrentera, Picanyara eta Paiportara zabaldu zen kezka.

19:20: Generalitateak bigarren alerta maila ezarri zuen Valentzia probintzia osoan.

20:00: Alerta mezua zabaldu zen Valentziako eskuko telefono guztietara.

20:20rako sei pertsona desagertuta zeuden Albaceten, eta beste bat L'Alcudian.

20:36: Valentziako Generalitateak Larrialdietako Unitate Militarrak Valentziako probintzian jardutea eskatu zuen. 

21:40: Mazonek baieztatu zuen "hilotzak" zeudela kaleetan, eta ohartarazi zuen, egoera kontuan izanda, hildako gehiago egongo zirela.

Zergatik larrialdi abisua ez zen eskuko telefonoetara lehenago bidali? Kaltetu askok salatu dutenez, Babes Zibileko mezua jaso zutenerako Valentziako Erkidegoko hainbat udalerri ur azpian zeuden.

Alarmaren kudeaketarekin batera, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteari aurpegiratu diote kargura iritsi eta hilabete gutxira Larrialdietarako Unitatea bertan behera utzi izana.

Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroak goialdeko borraskaren harira AEMETek zabaldutako abisuen kronologia egin du asteazken honetan.

Moncloan egindako agerraldian, ez du kudeaketaren inguruko polemikan sartu nahi izan eta biktimen alboan egoteko garaia dela nabarmendu du.

efe

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Denboraleak albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Uholdeak bideoak Valentziako Erkidegoa Lurrikaretan hildakoak