Gizartea -

ETXEBIZITZA

Irunek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio tentsio handiko eremu izendatu dezan

60.000 biztanle baino gehiago izanda, orain arte izendapena eskatu duen EAEko udalerri handiena da.

Irun, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Irun, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Irun, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak jaso duen tentsio handiko eremu izendatzeko bigarren eskaria Irungo Udalak egin du —aurrena Errenteriak egin zuen—. Bertako Udalbatzak gaurko bilkuran hartu du erabakia, eta eskaria egiteko prestatu duen ekintza-plana Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren esku dago jada. Orain arte, izendapena eskatu duen EAEko udalerri handiena da.

Goizean Udalean egin duen agerraldian, Cristina Laborda Irungo alkateak nabarmendu du "beharrezkoa" dela etxebizitza politikak sustatzea eta irundarrek bizi proiektua herrian bertan martxan jartzeko baliabideak eskuragarri izatea.

Irunek tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela nabarmendu du Labordak. Azken bost urteotan etxebizitzen alokairua % 18,5 (tentsio handiko eremu izendatzeko gutxienekoa % 17 da) garestitu da, eta, errenta eta etxeko oinarrizko gastuak ordaintzeko familiako ahalegin ekonomikoa % 32tik (gutxienekoa % 30 da) gorakoa da.

Eskariarekin batera, hurrengo urteetara begira Etxebizitza Plana ere aurkeztu du Udalak. Bertan, besteak beste, babes ofizialeko 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.

Orain, Eusko Jaurlaritzak jasotako dokumentazioa aztertu beharko du, eta baldintzak betetzen direla baieztatuta, eremu tentsionatu izendatuko du Irun.

Zer esan nahi du?

Udalerri bat etxebizitza tentsio handiko eremu izendatzeak esan nahi du kontratua amaitzen zaien errentariek gehienez urtebeteko hiru luzapen egin ahal izango dituztela, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Errentari berrientzat, alokairuaren prezioa aurretik etxebizitza alokatu zutenen errentara mugatuko da, urteroko eguneratze-klausula batekin. Aurreko bost urteetan etxebizitza hutsik egon bada, prezioak etorkizuneko erreferentzia-prezioen indizeei erreparatu beharko die; sistema hori Euskadin garatzeko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak ezarri beharko du, eta edukitzaile handiek (eremu tentsionatuan hamar etxe edo gehiagoren jabeek) ere hori bete beharko dute.

Neurri horiekin batera, udalerriak ekintza-plana jarri beharko du abian. Administrazioen arteko edo administrazioaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez eta hutsik dauden etxeak mobilizatuz, laguntza espezifikoak ezarri beharko ditu, edo alokairu- eta salmenta-prezioak murrizteko finantzaketa-neurriak ere ezarri ahalko ditu.

Beste udalerriak

Euskal Etxebizitzako Behatokiak egindako diagnostikoaren arabera, eremu tentsionatu gisa identifika daitezkeen 43 udalerri daude EAEn, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Estatuko Legeak ezarritako baldintzak betetzen dituztelako. Errenteria urri hasieran izendatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Etxebizitza