Gizartea -

Uholdeak

Baiona natur hondamendi eremu izendatzeko eskatuko du Jean Rene Etchegaray hiriko auzapezak

Osteguneko euriteei itsasgora batu zaie, eta Errobi eta Aturriko arroek ezin izan diote eutsi emariari. Ondorioz, urak hartu ditu bigarren egunez Baionako erdiguneko toki ugari, baita normalean ura iristen ez den eremuak ere.

Baiona, gaur. Irudia: EITB
Baiona, gaur. Irudia: EITB
Itsasgorak ibai bihurtu ditu Baionako kaleak

0:35

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur euri konturik ez, baina uholdeak izan dira, berriro, besteak beste, Baionan; izan ere, itsasgorarekin bat, lehendik ere hazita zetozen ibaiek gainezka egin dute, eta urak erdiguneko kale ugari hartu ditu. Jean Rene Etchegaray Baionako auzapezak iragarri du Baiona natur hondamendi eremu izendatzeko eskatuko duela astelehenean.

Horrela, hirugarren aldiz, Baiona zeharkatzen duen Errobi ibaiak gainezka egin du. Oraingoan, baina, inoiz baino haziago.

Osteguneko euriteen ondorioz hazita zetozen ibaiei itsasgora gehitu zaienean sortu dira arazoak. Itsasgora 17:15ean izan da, eta 112ko koefizientea izan du, oso maila altua.

Urak Baiona erdialdea hartu du gaur ere
Urak Baiona erdialdea hartu du gaur ere
Urak Baiona erdialdea hartu du gaur ere

0:43

Arroek ezin izan dute ur guztia bideratu, eta hainbat puntutan gainezka egin dute, baita gainezka egitea batere ohikoa ez den eremuetan ere. Hirigunea erabat urpean geratu da, eta erabat blokeatu da.

Motorrak eta autoak ibai aldameneko kaleetatik ateratzen saiatu dira asko. Erosketak egitera irten den herritarren bat ere ezustean harrapatu du urak.

Goizean, tabernariak lokalak garbitzen aritu dira; arratsaldean, baina, ura berriro sartu zaie barruraino. Dendari eta tabernariak kezkatuta daude, urak kalteak eta diru galerak eragin dizkielako.

Errepide asko itxita, kaosa izan da nagusi errepideetan, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira hiriko sarreretan.

Azken uholdeen ostean, hiriak normaltasuna berreskuratu du, baina hurrengo itsasgorak kezka sortzen du. Hori dela eta, Lapurdiko hiriburuko Udalak iragarri du ibaiaren inguruko alde zaharra itxi egingo duela 05:30etik 07:30era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baionako bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Uholdeak bideoak Jean-René Etchegaray azken ordukoa