Gizartea -
FESTAK
Baionako bestak uztailaren 9tik 13ra egingo dira 2025ean
Ferianteen eskariari erantzunez, Mont-de-Marsango eta Baionako gobernuek adostu dute bi bestak egun beretan ez izatea. 2026an, berriz, uztaileko hirugarren astean egingo dira festak Lapurdiko hiriburuan.
EITB Media
Baionako besten egutegia aldatu dute berriro, eta hurrengo urtean uztailaren 9tik 13ra egingo dira, Mont-de-Marsangoekin (Landak) bat egitea saihesteko. Aitzitik, Iruñeko sanferminekin batera egingo dira.
Hasiera batean, 2025eko bestak uztailaren 16tik 20ra egitea erabaki zuen Baionako gobernuak, baina horrek Mont-de-Marsango gobernuaren eta ferianteen haserrea eragin zuen, bi udalerrietako jaiak egun beretan izango zirelako.
Egoerari aterabidea emateko asmoz, atzo elkartu ziren Jean-René Etchegaray Baionako alkatea eta Charles Dayot Mont-de-Marsango alkatea. Bilera horretan, 2025eko Baionako bestak astebete gehiago aurreratzea adostu zuten, Etchegaray alkateak Iruñeko sanferminekin batera egitea nahi ez bazuen ere.
2026an, berriz, Etchegaray alkateak nahi bezala, Baionako bestak uztaileko hirugarren astean ospatuko dira eta Mont-de-Marsangoak, laugarrengoan.
Edozein kasutan, ferianteek momentuz eutsi egingo diote larunbaterako deitu duten protestari.