Gizartea -

Nafarroa

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, 20 urteko emakume bat labanaz hiltzea egotzita

Hilketa Arrotxapea auzoko etxabe batean jazo da bart. Ustezko hiltzailea epailearen aurrera noiz eraman zain dago Udaltzaingoa. Biktimaren aitak salatu du urruntze agindua eskatua zuela ustezko hiltzailearen kontra, eta hortaz, hilketa saihets litekeela.

Udaltzaingoaren patruila bat, hilketaren lekuan. Argazkia: EITB Media
Udaltzaingoaren patruila bat, hilketaren lekuan.
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, emakume bat labanaz hiltzea egotzita

0:35

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, Iruñean, 20 urteko emakume bat hiltzea egotzita, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Iturrion arabera, hilketaren ustezko egileak labanaz eraso dio besteari, eragindako zauri larriak tarteko, hil egin da biktima.

Hilketa Carmen Baroja Nessi kaleko (Arrotxapea auzoa) etxabe batean jazo da, 01:15 aldera. Etxabea biktimaren aitarena da, eta etxebizitza gisa erabiltzen dute. Zazpi pertsona bizi ziren, tartean hildakoa eta ustezko hiltzailea. 

Gizonak hainbat labankada eman dizkio emakumeari, sukaldeko aizto batekin. 

Udaltzaingoa eta osasun zerbitzuak bertaratu dira, eta agenteek ustezko hiltzailea atxilotu dute. Epailearen aurrera eramateko zain dira. 

Biktima larri eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, eta bertan hil da. 

Lekukoek EITBri kontatu diotenez, harreman gatazkatsua zuten bizilagunek ustezko hiltzailearekin, eta aurretik ere horren kontrako salaketak jarrita zituzten. Gizonak etxebizitza utz zezan nahi zuen jabeak, baina horrek ez zuen nahi eta ez zuen alokairua ordaintzen. 

Biktimaren aitak salatu du hiru salaketa aurkeztu dituela ustezko erasotzailearen aurka, mehatxuengatik, eta haren kontrako urruntze agindua ere galdeginda zuen. Horren ustez, hilketa saihets zitekeen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa