Gizartea -
IRUZUR SAIAKERA
EHUko ikasleei egindako iruzur saiakera berri batez ohartarazi du Ertzaintzak
Emailen bitartez, ikasleei 850 ordaintzeko eskatzen zaie. Ordainketa ez badute egiten, "legezko ekintzekin" egiten zaie mehatxu mail horietan, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Ertzaintzak Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei egindako phishing iruzur berri batez ohartarazi du. Izan ere, azken 48 orduetan, EHUko ikasleei mezu elektronikoen bidez iruzur egiten saiatu direla atzeman du Ertzaintzak.
Emailak jaso dituztenei, unibertsitatean ordaintzea falta zaizkien 850 euro ordaintzeko eskatzen zaie. Ordainketa lehenbailehen egiteko eskatzen zaie, aurretik emandako abisuei ez dietela jaramonik egin adieraziz, eta 24 orduko epea ematen zaie ordainketa hori egiteko, epe hori amaitzean haien aurkako legezko egintzak hasiko dituztela esanez. Azkenik, kontu-zenbaki bat ematen zaie dirua sartzeko, bai eta helbide elektroniko bat ere ordainagiria bidaltzeko.
Orain arte jakin denaren arabera, hainbat salaketa jarri dira autonomia-erkidegoko hainbat herritan.