Gizartea -
Unibertsoa
Tamaina oso txikiko bigarren ilargi bat izango du Lurrak bi hilabetez
Teleskopio profesionalekin soilik ikusi ahal izango da igande honetatik azaroaren 25era arte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lurrak tamaina oso txikiko bigarren ilargi bat izango du igande honetatik azaroaren 25era arte. Distantziagatik eta ilargi horrek izango duen tamaina txikiagatik, baina, ezingo da teleskopiorik gabe ikusi.
2024 PT5 izena duen aldi baterako ilargia abuztuaren 7an deskubritu zuten ATLAS proiektuaren teleskopio batekin, Hegoafrikatik.
Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Carlos eta Raul de la Fuente Marcos astronomoek egindako estimazioen arabera, Lurrak asteroidea harrapatuko du, beste zenbaitetan gertatu den bezala.
"Datuak argitaratu zituztenean konturatu ginen Lurretik gertu igaroko zela, eta abiadura txikian. Kalkuluak egiten hasi eta egiaztatu genuen uneren batean Lurrak harrapatuko zuela", esan dio EFE albiste agentziari Carlos de la Fuente Marcosek.
2024 PT5 orain arte ezagutu den ilargi nano handiena da. 5 eta 40 metro arteko tamaina du, ikertzaileak zehaztu duenez, eta 56,6 egunez egongo da Lurraren aldamenean. Ondoren, ibilbide heliozentrikoa berreskuratuko du.