Gizartea -
Epaiketa
Auzipetuen defentsek elkarri egotzi diote Aintzane Pujanaren hilketaren egiletza
Akusatutako emakumea egile materiala izan zela onartu du haren defentsak, baina esan du auzipetutako gizonak eskatuta hil zuela, eta "beste aukerarik ez" zuela izan, "osterantzean gizonak hil egingo baitzuen".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aintzane Pujanaren hilketarekin lotuta auzipetutako gizonaren eta emakumearen defentsek elkarri egotzi diote 2021eko urtarrilean Aizarnazabalen (Gipuzkoa) gertatutakoa, nork bere akusatua errugabetzeko asmoz edo.
Epaiketaren bigarren saioa egin dute gaur Gipuzkoako Auzitegian, hilketaren egiletza argitze aldera. Bertan, akusatutako emakumea egile materiala izan zela onartu du haren defentsak, baina esan du auzipetutako gizonak eskatuta hil zuela, eta "beste aukerarik ez" ez zuela izan, "osterantzean gizonak hil egingo baitzuen".
Horren esanetan, iragan "zurruna" izan zuen, % 78ko ezgaitasuna du, droga kontsumitzailea zen, eta gizonaren mehatxupean hil zuen. Gainera, erantsi du gerora Poliziarekin kolaboratu zuela, arrazoi horiek guztiek zigorra arindu edo salbuetsiko diotela iritzita.
Bestalde, gizonaren abokatuak "egile materiala" izatea egotzi dio auzipetutako emakumeari, portaera nahasmendua duela ekarri du gogora, eta droga kontsumitzaile izateak haren jokabidea larriagotzen duela azpimarratu du. Era berean, adierazi du betidanik emakume "agresiboa" izan denez, haren gurasordeek Gipuzkoako Aldundiaren esku utzi behar izan zutela neskatoaren zaintza, ondoren ihes egin zuela eta prostituzioan aritu zela.
Abokatu horren esanetan, emakume horrekin maitemintzea izan da bere auzipetuak egindako "akats" bakarra.
Bestalde, fiskalak espetxealdi iraunkorra eskatu du bi akusatuentzat. Epaiketan ziurtatu duenez, hurrengo saioetan frogatuko du biek hil zutela Aintzane Pujana.
Bikotekide ohiaren lekukotza
Lekukoen galdeketa-fasean, hildakoaren mutil-lagun ohi batek deklaratu du, eta bien arteko harreman sentimentala amaitu ostean ere telefonoz eta mezuen bidez harremana izaten jarraitu zutela adierazi du. Horren arabera, gertakarien egunean 22:00ak aldera deitu zion Pujanak, bila joan zedila eskatzeko, "jotzen" ari zitzaizkiolako, eta maskota gisa zituen txakurra eta untxia kendu zizkiotela esan zion.
"Gero eskegi egin zuen, eta ez nuen gehiago jakin", azaldu du lekuko horrek, eta esan du ez ziola ez deiei ez mezuei erantzun.
Horren hitzetan, ez zen Aizarnazabalera joan, ez zuelako autorik eta ez zuelako taxi baterako dirurik. "Egunero sentitzen dut damua ez joateagatik", gaineratu du. Akusatuek biharamunean deitu zioten biktimaren txakurraz ardura zedin.
Non zegoen azaltzeko eskatu zietenean, bezperan bezero batekin joan zela eta ordutik desagertuta zegoela esan zioten. Emakumea agertzen ez zenez eta haren berririk ez zuenez, Poliziaren aurrean salaketa jartzea erabaki zuela erantsi du.