Gizartea -
TRAFIKOA
Egoera bere onera etorri da errepide sarean, goiz korapilotsuaren ondoren
Batetik, Bilbon AP-67an eta A-8an bi istripu izan dira goizeko lehen orduan, ezbeharrek ilara luzeak eragin dituzte, eta hiriko zenbait sarrera oztopatu. Andoainen, bestalde, N-1 errepidean hiru ibilgailuk elkarren kontra jo dute eta ilara luzeak sortu dira hor ere.
EITB
Egoera bere onera etorri da errepide sarean, goiz korapilotsuaren ondoren. Bilbon eta Andoainen izandako hiru istripuk auto-ilara luzeak eragin dituzte.
Batetik, sei autoren arteko istripua izan da AP-67an, Bilbon, Malmasingo tunelaren sarreran, Gasteizko noranzkoan. Bilboko San Mameseko sarreraraino iritsi dira ilarak, eta arazo handiak egon dira hirira sartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 07:25ean izan da ezbeharra, eta ezkerreko erreia itxi egin behar izan dute, harik eta ibilgailuak erretiratu arte. Ez da inor zauritu.
Bestalde, A-8 autobidean, Zorrotzako bihurgeneetan, Bilbon, furgoneta batek eta ibilgailu batek elkarren kontra jo dute, eta, ondorioz, bi errei itxi egin behar izan dituzte, Donostiako noranzkoan. Hor ere, auto-ilarak sortu dira.
Gipuzkoan, berriz, N-1ean, Andoain parean, hiru ibilgailuren arteko istripua izan da 07:55ean, eta zortzi kilometrorainoko ilarak sortu dira, Donostiako noranzkoan. Ez da inor zauritu.